'Ekitaldiartea Bilboko Arte Modernoaren Museoa, 1924-1945' erakusketea Bilbon
2024-06-07 13:16 KultureaBagilaren 7tik 2025eko urtarrilaren 7ra.
Aurten, Arte Modernoaren Bilboko Museoaren mendeurrena da eta haren sasoiko arteagaz konektetako asmoz sortutako Euskal Herriko lehen erakundea izan zan; sasoi haretako testuinguru kulturalean, Bartzelonak eta Madrilek baino ez zituen arte modernoari buruzko museoak, 1891n eta 1894an sortuak, hurranez hurran.
1924ko urriaren 26an edegi zituan ateak, Aurelio Arteta pintorearen zuzendaritzapean eta Probintziako Aldundiaren eraikineko hiru areto hartzen zituan. Hasierako bildumako 137 lanak egozan areto horreetan: hogei bat lan Pintura eta Eskulturearen 1919ko Nazinoarteko Erakusketan erosi zituen Probintziako Aldundiak; beste batzuk, lanean ebizen artistenak, Arte Ederren Bilboko Museotik etozan ‒hamar urte lehenago inaugurau eben, Arte eta Lanbide Eskolako aretoetan, Atxuriko Ospitale Zibila izandako eraikinean, Manuel Losada pintorearen zuzendaritzapean‒, eta beste dohaintza eta erosketa batzuk gehitu jakezan horreei.
Espainiako Gerra Zibilak jarduerea eten eban museo bietan eta bildumen zatirik handiena biltegiratu edo Frantziara eroan eben itsasoz. Gerrea amaitzean eta lanak itzultzean, agirian geratu zan behar-beharrezkoa zala lan horreek guztiak hartzeko egoitza bat izatea. Holan, 1945ean, eraikin bat eregi eben uriaren zabalgune modernoan, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuari jarraituz. Neoklasizismoaren errepertorioko ereduen eta bistako adreiluzko eta kareharrizko fatxadeagaz, L formako oinplanoa eta pisu bi ditu, espazioak atontzen dituan erdiko atondo batetik abiatuta.
Hasieratik, bilduma biak batzeko ibilbide bateratu bati ekiteko helburua ezarri eta holan mamitu zan Arte Ederren Bilboko Museoaren jatorrizko ezaugarrietako bat: ikuspegi zabala, garaikidea izateko asmoa dauen bilduma baten zabalpen kronologikoari jagokonez eta aniztasun artistikoa bereganatzea ‒askotariko teknikak, generoak eta eskolak‒ arteak bildumearen barruan txertatzeko eredu birtutetsu baten bidez.
Erakusketeak Bilboko Arte Modernoaren Museoko bildumearen ibilbidea eta eraketea barrikusten ditu, bai eta bilduma horren testuinguru historiko eta artistikoa be, hamarkada bitan zehar, sortu zanetik, 1924tik, de facto 1954an (maila administratiboan 1969an) Arte Ederren Bilboko Museoan txertatu arte.
Artelan ugari eta dokumentazino eta artxiboko material asko barrubatzen ditu eta, horreei esker, museo barria martxan jarteak zer esan nahi izan eban jaubetzen gara.
Zenbait azterketa-kasuren bidez, etorkizunerako oinarri izango ziran zenbait jazoeretan sakontzen da aretoetan: artelan enblematikoak erostea, arte garaikideko lehen erakusketak, Gerra Zibilean funtsak kanpora eroatea, urte horreetako Bilboko eta Madrilgo beste museo-proiektu batzuen arteko hartu-emonak eta garai haretako artista eta jokerakaz izan eban inplikazinoa.
Proiektu honetan, komisario-lanak Miriam Alzurik, museoko Arte Moderno eta Garaikideko kotserbatzaileak eta Mikel Onandiak, Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadeko irakasleak, egin ditue.
Erakusketeagaz batera, Mikel Onandiaren lan hau be argitaratu da: Los orígenes de una colección. Los museos de Bellas Artes y Arte Moderno de Bilbao, 1914-1945, BBKren eta Arte Ederren Bilboko Museoaren arteko ikerketa-beka baten emoitzea da, hain zuzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!