Martha Jungwirth artistearen obrea aurkeztu dabe
2024-06-07 08:24 KultureaGaurtik, hilak 7, irailaren 22ra egongo da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan.
Guggenheim Bilbao Museoak Martha Jungwirth aurkeztu dau, Occident babesten dauen atzerabegirakoa. Hirurogeita hamar pieza ingururen bitartez, erakuskeetak austriako panorama artistikoan funtsezko figuretako bat dan artistearen bost hamarkadako lana batzen dau. Erakusketea, gaurtik, hilak 7, irailaren 22ra egongo da ikusgai.
Aurkezpenean izan dira, Pablo Sampredro, Occident etxearen Broker Handi eta Instituzino Kanalen Zuzendaria; Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputadua; Martha Jungwirth, artistea; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea; Lekha Hileman Waitoller, erakusketearen komisarioa; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.
Martha Jungwirth (Viena, 1940) artistearentzat, bere gorputzak sorkuntza-prozesuan daukan inplikazinoa jasotzen dauen egunkari modukoa da artea. Jungwirthen ustetan, marrazki eta pintura bakotxa izaeraren luzapen dinamikoa da, izan be, lerroz eta orbainez osotutako egitura adimendunak sortzen dira, mugimenduek eta emozinoek bultzauta. Obrak, jariakortasunean, gardentasunean eta edegitasunean jartzen dau arretea, zentsura gabe eta apaindu gabe dagoan hori arakatu nahian.
Jungwirthen obra, beraz, oroimena eta irudikapena alkarregaz solastatzen diran eremu batean kokatzen da. Artisteak perzepzino guztiz personalak islatzen dituen forma plastiko bihurtzen ditu bizipenak. Iturri bezala, balio deutsona iradokitzen daben keinu-formen eta emozinoz beteriko koloreen bidez, Jungwirthen margolanek kategorizazino estilistiko sinpleetatik harago doan lekua hartzen dabe, abstrakzinoaren eta figurazino artean. Haren espektro artistikoaren barruan, koadroetako batzuk pintzelkada ugariz hornituta dagoz, eta beste batzuk, barriz, trazuen urritasunagatik nabarmentzen dira, abstrakzinoan eta mundu fisikoan dagoan tensinoa esploratuz.
Erakusketean, 70 lan dagoz ikusgai, Jungwirthen lehen marrazkietatik hasita eta Francisco de Goya eta Édouard Manet inspirazinotzat dituen azken margolan sailekaz bukatuz. Gaika atondua dago, eta pieza ugari aurkezten ditu: marrazkiak, akuarelak, olio-pinturak eta hainbat euskarritan egindako artista-liburuak. Ezohiko material horreek suertea sartzen dabe sortze-prozesuan, eta bat-batekotasuna eta dinamismoa sustatzen ditue.
Erakusketea ikusteko sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!