Ehundaka lagunek irakurriko dabe Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao'
2024-06-04 13:15 KultureaEguenean, hilak 6, Arriaga Antzokian, XVII. Klasikoen Irakurketa Etenik Bakoa egitasmoan.
Bilbo Zaharra Euskaltegiak atontzen dauen Klasikoen Irakurketa Etenik Bakoaren XVII. edizinoak Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao elebarria izango dau protagonista. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten daben ekimena Arriaga Antzokian izango da, bagilaren 6an, eguena, 08:00etatik 14:00etara. Lan horren aukeraketeagaz, euskal literaturearen nazinoartekotzea agirian itxi nahi dabe atontzaileek.
New Yorketik etorri barria, bertan bizi baita 2018tik, Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) emongo deutso hasierea ekitaldiari, goizeko 08:00etan. 2008an kaleratu zan liburuaren lehen lerroak irakurri ondoren, 200 persona inguru txandaka ibiliko dira goiz osoan zehar udal antzokiko Foyer-en jarritako mikrofonoaren aurrean.
Betiko lez, euskal gizartearen arlo guztietako personek parte hartuko dabe, besteak beste, kultura eta gizarte-eragileak, ikasleak, irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak eta alkarteetako kideak. Tarteka, Bilboko institutoetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskera ikasleak irakurten agertzen diran bideoak proiektauko dira.
Irakurraldiari amaierea emoteko Munduari begiratzeko modu bat abestuko dau Rafa Ruedak.
Arriaga plazan pantaila erraldoia jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etenbako irakurraldia, baita EITBren webgunetik be. Horrezaz gan, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizinoetako argazki eta kartelez osotutako erakusketa egongo da ikusgai.
Euskal literaturearen nazinoartekotzea
Bilbao-New York-Bilbao elebarriaren hautaketeagaz euskal idazleak nazinoartean be presente dagozala aldarrikatu nahi dau Bilbo Zaharra Euskaltegiak eta gaur egun euskerazko obrak hizkuntza askotan irakurten dirala. Uriberen nobelea dagoeneko 13 hizkuntzatara itzuli da.
Nazioartekotzea izan da azken urteotan euskal literaturan izan dan fenomeno aitagarrienetakoa. Noranzko bi izan dira: batetik, ugaldu egin dira atzerriko egileen itzulpenak eta, bestetik, euskeraz idatzitako liburuak hizkuntza askotara itzuli dira, adierazo dabe atontzaileek.
2013. urteko VI. edizinoan irakurri genduan Obabakoak, elebarriaren 25. urteurrena atxakitzat hartuta. 20 urteko aldea dabe Obabakoak eta BNYB lanek. Lehenak, 1989an irabazi eban Espainiako Narratiba Sari Nazionala, 2009an bigarrenak. Denpora-tarte horretan euskal literatureak hazkunde nabarmena izan dau. Nazinoartekotzearen isla izateaz gan, BNYB abanguardiaren sinboloa be bada. Euskal idazleak nazinoarteko zirkuituan kokatuta dagoz, eta sortze-prozesu barritzaileenetan parte hartzen dabe.
Aurreko edizinoetan ondoko liburuak irakurri dira ekimenean: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Ramon Saizarbitoriaren Martutene, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuinak eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!