XII. Rockein-en izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2024-05-31 08:00   Musikea

Garagarrilaren 11ra arte egongo da aurkezteko aukerea.

Argazkia: Basuariko Udala. | Ikusi handiago | Argazki originala

XII. Rockeinen izena emoteko epea garagarrilaren 11ra arte egongo da zabalik. Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osotutako epaimahaiak sei finalista aukeratuko ditue, eta Basauriko Social Antzokian izango dira zemendiaren 16an. Gau horretan bertan erabagiko eta jakinarazoko dau epaimahaiak zeintzuk izango diran 2024ko edizinoko talde irabazleak.

Hamabigarren edizinoan, nobedadeak dagoz: lehiaketearen Tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaldu dabe, beraz, Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Usansolo edo Zaratamo herrietan erroldautako persona bat gitxienez egon behar da kategoria horretako saria irabazteko; Social Antzokiko finalera tokiko 3 talde joango dira (sari nagusia irabazteko 3 hautagaiez gan), eta horreetako bat, gitxienez, Basaurikoa izango da beti; eta, Tokiko sariaren irabazleak bideoklip baten grabazinoa jasoko dau saritzat.

Kategoria nagusiko irabazleak be bideoklip bat grabetea jasoko dau saritzat, Bilboko El Tigre estudioetan 5 abestiko EP bat grabeteaz gan. Lehiaketako lau kategorietako proposamen irabazle guztiek ordaindutako kontzertua emongo dabe 2025eko MAZ Basauri jaialdian.

Rockeinek zortzi urte jarraian daroa parte-hartze errekorra hausten. 2023an 191 artistak emon eben izena. Nabarmentzeko zifrea da, izan be, Euskal Herrian sortzen dagozan artistentzako erreferentzia da. Azken urteotan, Rockeinetik Sara Zozaya, Silitia edo Lova Lois lako talde eta bakarlariak agertu jakuz. Halanda ze, aurtengo lehiaketea indartu dogu, tokiko kategoriaren indarra Hego Uribe osora zabalduz eta tokiko saria hobetuz, bideoklip baten grabaketeagaz. Azken hau ekarpen eraginkorragoa dala iruditzen jaku, gaur egun, musikea zabaltzeko moduetara eta bizi dogun garaiari egokitzeko. Basaurik musika-talentu barria babesten jarraitzeko konpromisoakaz sendo jarraitzen dau, adierazo dau Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Oinarriak eta informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu