Santakurutz eskolako armarria eta Victor Sarasquetaren kale-seinalea zaharbarritu ditue

Egoibarra eta Bizkaie! 2024-05-29 10:16   Kulturea

Eibarko Udal Artxiboaren sarreran dagoz ikusgai.

Santakurutz eskolako armarria

Gorosta auzoko Santakurutz eskola zaharraren fatxada nagusian egoan armarria 1933tik, burdinazko hagaskaz osotutako armazoia dauen zementuzko armarria. Haren inguru obalaua pergamino-biribilki erara apainduta dago eta, erdialdean, Eibar uriaren blasoiak dagoz, eta, simetria gordez, Gipuzkoako lurraldearen antxinako blasoiak (1513-1979). Diputación de Guipúzcoa goiburuko lemak armarri biak hartzen ditu.

Seguru antzean, Gipuzkoako lurralde osorako egindako moldea izango zan, lurraldeko udalerri guztietan banatzeko pentsautakoa. Eibarko blasoia mihiztatua egoteak eta beste material bategaz egindakoa izateak berresten dau uste hori.

130 cm-ko luzerea dau, 80 cm-ko sakonerea, 17 cm-ko altuerea eta 40 kg-ko pisua. Eskolako fatxadan egon zan bitartean, piezeak hainbat kalte jasan zituan; halanda ze, konserbazino egoera orokorra be ez zan egokia.

Osorik barritu da, baina ezin da kalean jarri.

Victor Sarasquetaren kale-seinalea

1930eko urrian, Eibarko Udalak Grabadores kaleari izena aldatu eta Victor Sarasqueta izena emon eutson burdinurtuzko kale-plakea jarriz. Ertza boluta bikotx batez dago apainduta behealdean, eta goialdean Eibarko armarria dau, Gipuzkoako mazeroek eta alboko bolutek eusten deutsenak. Alboetan borneak daukaz plakea horman sartzeko. Erdian, Eibarko Victor Sarasqueta armaginaren izena agertzen da. 12 kg inguruko pisua dau.

Zikinkeria eta metalaren oxidazino aktiboa agertzen ziran objektuan. Behin gitxienez jatorrizko kolorearen ganean pintau zan, eta, horregaitik, azalerea ez zan homogeneoa eta aurreko pintura-hutsuneak antzemoten dira.

Gainazala garbituta, kolorearen bizitasuna nabarmendu da; beraz, koloreari eutsi eta goiko geruzea baino ez da kendu. Azkenik, argizariz eta erretxina akrilikoz egindako produktua aplikau da.

Historia-ondare balio handiko pieza biak, oraingoz, Udal Artxiboaren sarreran jarri dira Juan Manuel Martínez eibartarrak egindako idulkietan. Artxiboan dagoz gordeta Santakurutz eskolearen eta kale-seinalearen inguruko agiri guztiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu