Musikaldia, Euskadiko Musika Eskolen Jaia

Bizkaie! 2024-05-27 10:59   Musikea

Hainbat taldek eta orkestrak musikaz bete ditue Tolosako eta Ibarrako kaleak.



Euskadiko musika ekitaldi garrantzitsuenetako bat da Tolosa eta Ibarra artean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 53 musika eskoletako 2.700 ikasle inguruk hartu dabe parte EHMEk (Euskal Herriko Musika Eskolen Alkartea) atondutako ekitaldian. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Eugenio Jiménez Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria eurekaz izan dira, Eusko Jaurlaritzeak musika-eskolei eta egiten daben lanari egiten deutsen aintzatespenaren erakusgarri.

Musika-eskolek, irakaskuntza ez-arautuak eskaintzen baditue be, oinarrizko zeregina dabe edade guztietako personek musikea euren bizitzako jarduera legez landu deien, prestakuntzea jaso leikie eta euren zaletasunari eutsi. Gaur egun, Euskadin 85 musika-eskola dagoz, publikoak (udal-titulartasunekoak) zein pribatuak, eta 32.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dabe horreetan.

Gaurko egunean zehar, bertaratutakoek hainbat abesbatza, musika talde eta orkestraren musikaz gozau dabe, baita trikitixa, txistu, dultzaina eta akordeoi kalejirez be. Tolosako Eduardo Mocoroa eta Tolosaldeko Loatzo musika eskolek 15 genero ezbardinetako 200 emanaldi batzen dituan programea diseinau dabe.

Bildarratz sailburuak eskolek egiten duaben lana goraipatu dau, baita musikeak emoten dauen kultura eta hezkuntza aberastasuna be. Berbaldiaren ondoren, Legazpiko Doinua musika eskoleak, hurrengo topaketearen atontzaile izango danez, makila hartu dau. Euskal Herriko Musika Eskolen Alkartearen Batzarrean adostutako ohorezko batutea be emon dabe hasiera ekitaldian, Eva Ugalde eta Juncal Guerrerori emon deutse, ume eta gazteen abesbatzei egindako ekarpenagaitik.

Musika eta jantza eskolen funtzionamendu arau barriak

Aste berean izan dira Musikaldia eta musika eta jantza eskolen sorrerea eta funtzionamendua arautzen dituan Dekretuaren onarpena. Asteon Gobernu Bileran Eusko Jaurlaritzeak onartutako Dekretu barri honek dakarrena da musika eskoletan jantzak ikasi ahal izango dituela, lehen ez bezela (289/1992 Dekretua, urriaren 27koa).

Araudi barriak Musika espezialidadeak eguneratu eta osotu ditu eta Jantzarako ondoko espezialidade honeek jasoten ditu: Klasikoa, Garaikidea, Euskal Jantza eta veste jqantza batzuk (horreen artean, jantza urbanoak, flamenkoa, jantza soziala, jazza/klakea eta munduko edozein eskualde edo jokeratako beste jantza batzuk). Jantza eskolek gitxienez espezialidade horreetako hiru eskainiko ditue eta musika eta dantza eskolek Euskal Dantza espezialidadea behintzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu