Busturiako 'LauBuru' izan da Taldekakoaren irabazlea

Bizkaie! 2024-05-27 07:52   Bertsolaritzea

Guztira, 16 talde ibili dira sariketean.

Arrigorriaga bertsoz bete zan zapatuan. Taldekakoa eguerdi ostean hasi zan eta Elizondo jatetxean egindako finaletik urten zan aurtengo talde irabazlea, Busturialdeko LauBuru taldea. Martian hasi zan Taldekakoaren laugarren edizinoa, eta 16 taldek hartu dabe parte giro informalean jokatzen dan sariketean.

Goizean eskolarteko txapelketen finalak jokatu ziran Arrigorriagako eskolan, idatzizkoa lehenengo eta bat-batekoa gero. Eguerdian talde bazkaria egin zan, eta ondoren hasi ziran finalaurrekoak.

Lehenengo finalaurrekoa eskolan bertan izan zan, Pirata bertso taldea, Troiako zaldia eta Zapatilapeko txikliek taldeen artean. Lehia estua izan bazen be, Zapatilapeko txikleek lortu eben finalerako txartela.

Eskolatik urten, eta Arrigorriagako kale eta plazak girotzeko gogoz jarraitu eben taldeak EinGo txarangak lagunduta.

Bigarren finalaurrekoan Zornotzako Bertso Oskola, herriko Estropozu taldea eta busturialdeko LauBuru taldeak ibili ziran. Azken horrek lortu eban finalera sailkatzea.  

Azkenengo kanporaketean, Mungialdeko Taket, Durangaldeko Durangalduek eta Enkarterri, Ezkerraldea eta Meatzaldeko bertsolariak batzen dituan Far West ibili ziran. Kasu horretan mungialdekoek lortu eben sailkapena.
 
Finala, Elizondo jatetxean jokatu zan, Zapatilapeko txikliek, LauBuru eta Taket taldeen artean. Finaleko gai-jartzaileak Idoia Anzorandia eta Beñat Vidal izan ziran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu