Azkuna Zentroan 'The Artwork As a Living System' erakusketea ikusteko azken egunak

Bizkaie! 2024-05-24 10:59   Kulturea

Maiatzaren 26ra arte ikusi daiteke. 

Laurent Mignonneauk eta Christa Sommererrek osotzen daben bikote artistikoaren lanak 32.000 bisita baino gehiago izan ditu erakusketea zezeilean edegi ebenetik.



The Artwork As a Living System 17 instalazinok osotzen dabe, lan gehienak interaktiboak dira eta gure erabagiek ekosistemetan daben eraginari buruzko hausnarketea sustatzen dabe. Proiektuak artea eta naturea lotzen ditu proiektu birtual, sentikor eta interaktiboetan erabilten diran teknikarik barritzaileenakaz. Christa Sommererrek eta Laurent Mignonneauk sistema edegi legez planteetan dabe artea eta sistema horretan sorkuntzea ez da ulertzen artistearen barruko sormenaren edo asmamenaren adierazpen lez, prozesua dinamiko bihurtzen da, interakzino-parametroetan eta obrearen irudiaren bilakaera-prozesuetan oinarritzen da.

Hiru hamarkadatan zehar, bikote artistiko honek mugarri teknologikoak eta horreen eragin sozial eta ekonomikoa, teknologia mobikorraren garapena edo adimen artifizialaren aplikazinoa txertatzen jakin dau. Oro har, The Artwork As a Living System erakusketeak aukerea emoten deutso bisitariari naturearen aurreko harru-emonak gorputzez sentidutek, ingurune naturalak esplorau eta horreekaz alkarreraginean jardun eta espazio digitalean hartu-emonen eraldaketan parte hartzera gonbidatzeko.

Alemanian (ZKM - Karlsruhe-ko Arte eta Hedabideen Zentroa), Austrian (Linz-eko OÖ Landes-Kultur GmbH) eta Belgikan (Bruselako iMAL – Art Center for digital cultures & technology) ibili ondoren, Sommerer-ek eta Mignonneauk Azkuna Zentroaren Erakusketa Aretoan daben erakusketa-proiektuak, Voloteak babestua, beren lanaren alderdi nagusia islatzen dau: artelanek sistema bizidun modura jokatzen dabe, bizitza ezin baita ulertu erakunde bakar legez, perspektiben aniztasun lez baino.

Horixe da maila teknologikoan sormenezkoak, artistikoki irudimentsuak eta arte digitalaren klasiko bihurtutako pieza honeen leitmotiv-a. Horreen bidez, oinarrizko ekarpena egin deutse XXI. mendeko arteari eta bizitza artifizialaren zientziari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu