Bermeoko Udalak aldundiari eskatu deutso Gaztelugatxeren kudeaketarako lankidetzea indartzea

Bizkaie! 2024-05-23 10:17   Kulturea

Gaztelugatxeko San Juan jagoteko eta sustatzeko ahaleginak koordinetea da asmoa.

Alex Pelaez Astorkia, Nadia Nemeh Shomaly eta Arantza Atutxa Lejarreta. | Ikusi handiago | Argazki originala

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea Arantza Atutxa Lejarreta foru diputaduagaz batu da Gaztelugatxeko San Juaneko kudeaketa eta sustapena hobetzeko ahaleginean, eta Alex Pelaez Astorkia Ingurumeneko zuzendari nagusia be bileran izan da erakunde bien arteko lankidetza estrategiei buruz berba egiteko.

Biotopoaren kudeaketan inplikatuako arlo guztiakaz hainbat bilera egin ondoren, alkateak Gaztelugatxeko San Juani buruzko informazio zuzena eta azkarra jasotearen garrantzia azpimarratu dau, Bermeon kokatuta dagoalako eta bisitarien artean gero eta ospe handiagoa dauelako.

Bileran, alkateak oinarrizko hainbat gai planteau deutsoz diputaduari, besteak beste:

  • Gaztelugatxeko San Juanen kudeaketarako komunikazino-kanal eraginkorragoa eta azkarragoa sortzea: Interesa daben hainbat alderdigaz mahai bat sortzea eskatzen dogu eta Bermeoko Udala horren parte izatea. Mahai horretan, ingurumenari buruzko erabagi guztiak hartuko litzatekez. Baina, mahaia sortu bitartean, komunikazino kanal zuzena izatea eskatu deutsagu, azken hileotan informazioa gerora heldu jakulako, baita prentsaren bidez be, esan dau alkateak.
  • Bermeon bizi diranentzako dobako sarrerea bermatzea.
  • Bermeoko Udalak aukerea izan gura dau filmen grabaketei, publizidadeari eta inguru horretan egiten dituen beste ekitaldi batzuei buruzko eretxia emoteko: gure nortasuna, balioak eta tradizinoak babestu gura ditugu, eta San Juanen irudia ez daitela erabili horretara egokitzen ez diran helburuetarako.
  • Jaiegun zehatz batzuetan bermeotarrentzako esklusibotasuna ziurtatzea eta egun horreetako mantentze-lanen kostua aztertzea, udalak uste baitau ez leukela ordaindu behar.
  • Biotopoan dagozan eukaliptoak kentzea.
  • Inguru osoan itsas hondakinak garbitzeko plangintza bat egitea eskatu da: zerbitzu hau Bermeoko boluntarioakaz egiten zan. Halan da be, orain urte batzuk aldeen artean desadostasuna egon zan, eta azken garbiketa horretatik ez da gehiagorik egin.
  • Eguneko bisitari kopurua barrikustea proponidu da, eguneko 1.300 personako muga ez jakulako jasangarria begitantzen.
  • Arane eta Bermeo lotzen ditua bidearen proiektuaren egoereari buruz galdetu da, aurreko lizitazinoan hutsik geratu baitzan. Erantzuna izan da, lizitazino barria laster atarako dala.

Alkatea pozik agertu da bilerak emon dauenagaz eta aldundiaren prestutasuna nabarmendu dau: Gure helburua altxor natural eta kultural hau babestea da eta, aldi berean, bisitari guztiek, bereziki bermeotarrek, esperientzia seguru eta aberasgarri batez gozetako aukerea izatea bermatzea. Gaineratu dau, diputaduak berretsi egin dauela Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalagaz lan egiteko eta beharrezkoak diran informazinoak beharrezko bideetatik emoteko dauen konpromisoa.

Gaztelugatxeko San Juan ezaguna da bere ingurune natural ikusgarriagaitik eta bere garrantzia historikoagaitik eta azken urteotan bisitarien kopurua nabarmen igon da. Horrek guztiak erronka berezia dakar kudeaketeari eta konserbazinoari jagokenez. Alkateak uste dauenez, aurrerapauso garrantzitsua emon dogu Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza estuagoa lortzeko, Bizkaiko ondarea dan leku hau babesteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu