Joaquin Gorrochategui hizkuntzalariak jasoko dau 2023ko Euskadi Ikerkuntza Saria

Bizkaie! 2024-05-22 08:02   Kulturea

Gorrochategui irakaslea Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun emeritua da UPV/EHUn.

Joaquin Gorrochategui Churruca (Eibar, 1953). Erretratua: Argazkia: Nuria González (UPV/EHU). | Ikusi handiago | Argazki originala

UPV/EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko katedraduna da Gorrochategui, Hizkuntzalaritza Indoeuroparraren arloan. Gizarte Zientzien eta Humanidadeen arloan entzute handiko lau ikerlarik osotutako epaimahaiak aho batez onartu dau, sariaren 28. edizino honetan, Gorrochategui irakaslearen aldeko ebazpena. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak sarituari berari emon deutso erabagiaren barri.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen dau Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan –hau da 2023ko deialdiaren kasua- Gizarte Zientzien eta Humanidadeen arloko profesionalen lana autortzen dau sariak; urte bikoitietan, barriz, Zientzia eta Teknologia modalidadean egiten da deialdia. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea dau helburu nagusi, bai eta honako beste hau be: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomía Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituen ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, beti be horreen lanak oso eragin positiboa badau Euskadin.

Joaquin Gorrochategui Churruca (Eibar, 1953)

Hizkuntzalaritza historikoaren arloan dabil eta bere jarduerea Mendebaldeko Europako eta Iberiar Peninsulako egoera linguistikoaren ikerketan oinarritu dau, datu linguistikoak eta historikoak buztartuz.

Joaquin Gorrochategui Filologia Klasikoan doktorea da Salamancako Unibersidadean (1982) eta onomastika indigenari buruzko doktore-tesia egin eban Akitanian, Koldo Mitxelenak zuzenduta. Ondoren, doktorau ondoko ikasketak egin zituan Bonnen (Alemania) eta hor hizkuntzalaritza zeltikoan espezializau eta bere ikerketa-karrerea atzerriko erakunde akademikoetan hainbat egonaldi eginez jarraitu eban, besteak beste, Galesko Unibersidadean (Aberystwyth), Sorbonako École des Hautes Études ikastegian (bertako irakasle bisitaria izan zan), Erromako Tor Vergata Unibersidadean edo Bordeleko Institut Ausonius-en.

Gorrochategui irakasleak hainbat ikerketa-arlo landu ditu azken hamarkadetan eta guztiek ezaugarri bera dabe: hizkuntzalaritzearen, epigrafiaren eta historiaren arteko diziplinartekotasuna. Ezaugarri hori, neurri batean, bere lanak (Iberiar Peninsulako erromatarren aurreko hizkuntzei buruzkoa) izandako azterketa-eremuak zehazten dau, baina baita metodologiak bateratzearen aldeko erabagi kontziente batek be. Holan, euskerearen fase zaharrenak aztertu ditu, Akitaniako hegoaldeko eta Iberiar Peninsulako iparraldeko hondar onomastikoetan dokumentauta eta hizkuntzearen veste aldi batzuetara zabaldu da (Erdi Aroko onomastikea), besteak beste, Iberiar Peninsulako indoeuropar hizkuntza zaharren azterketara, zeltiberiarra eta lusitaniarra, eta Antxinaroko elebitasuna eta hizkuntza-kontaktura, erromatarren aurreko hizkuntzen (antxinako eta iberiar, akitaniar eta galiar hizkuntzen) arteko kontaktuak eta horreen eta latinaren artekoak be.

Epaimahaiak nabarmendu dauenez, Gorrochategui irakasleak egindako lana inspirazino izan da Euskadiko ikertzaileen belaunaldi barrientzat eta eskola zientifiko bat sortu dau hainbat hizkuntzaren bilakaerea aztertzeko (zeltikoetatik hasi eta eslaviarretara, baita indoeuroparrak ez diran hizkuntzetara be, euskal hizkuntzaz gan). Nabarmentzekoa da, Hesperia online datu-bankuaren zuzendaritzan egin dauen lana, hizkuntzei eta epigrafia paleohispanikoei buruzkoa, eta Jakiundeko euskaltzain oso, Euskaltzaindiako euskaltzain urgazle eta Espainiako Errege Akademiako kide izentau izana, eta Ikerbasqueko Patronatuan (Zientziarako Euskal Fundazinoa) parte hartu izana.

Azkenik, Joaquin Gorrochategui oso inplikauta egon da bere azterketa eta ikerketa-eremuko gaietan dauen ezagutza euskal gizarteari zabaltzeko zereginean. Nabarmendu beharrekoa da 2022an Irulegiko Eskuaren inskripzinoa irakurri eta interpreteteaz arduratzen dan espezialista lez izan eban eginkizuna.

Gorrochategui Churruca irakaslearen lan zientifiko bikainaz gan, epaimahaiak honen ibilbide akademikoak, ikerkuntzeak eta irakaskuntzeak erakusten dituen sendotasuna eta bikaintasuna jo ditu ibilbide horren alderdirik aitagarrientzat; bai eta ikertzaileen prestakuntzan egindako ekarpena be, Mitxelena irakasleak sortutako eskolearen prestigioa indartuz, haren ikasle eta jarraitzaile izan baita. Era berean, garrantzitsua da adituen sareetan eta nazinoarteko proiektu askotan eta unibersidadeko ekimen zientifikoetan izan dauen parte hartzea. Epaimahaiak adierazo dauenez, Humanidadeen esparruan euskal zientzia-sistemeari egiten deutsozan ekarpenek euskal komunidade zientifikoaren prestigioa sendotzen dabe paleolinguistikearen nazinoarteko esparruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu