Solluben izango da Deiadar Mendien Eguna bagilaren 15ean

Bizkaie! 2024-05-21 13:41   Kulturea

20 urteko ohitureak 20 urte beteko ditu aurten.



Aurtengo mendi-martxeak ibilpide bi izango ditu: Nagusia Bermeoko Taraska plazan hasiko da, goizeko 09:00etan, beste edizino batzuetan lez; eta beste bat egingo da, laburragoa eta samurragoa, Arrietako udaletxearen parean hasita goizeko 10:00etan.

Deiadar Mendien Egunak hamarkada bi beteko ditu aurten. Bizkaiko Legebiltzarrak, bagilaren 15ean, zapatuan, Sollube mendian egingo dau Batzar Nagusietara hurreratzeko dei egiteko ohiko ospakizuna. Erritua 2004. urtean hasi zan, erakundea berrezarri zaneko 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zanean.

Elezaharraren arabera, deiadar-hotsak iragarri egiten zituan Gernikan XIV. eta XV. mendeetan egiten ziran bileretarako deiak. Aurten, egun horretan, soinu horrek parte-hartzaileei Sollube mendia igoten lagunduko deutse Deiadar Mendien Egunean. Bizkaiko bost tontor enblematikoetako bat izango da ospakizunaren eszenatokia, aurreko urteetako igoereak beste lau deiadar-tontorretan izan ondoren (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Oiz), Antonio Truebak XIX. mendean idatzitako kroniketan izentau zituan moduan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak lurraldeko sei mendi-klubegaz batera eroango dabe aurrera ohiturea: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo), Alpino Tabira (Durango) eta Tallu Mendizale (Mungia). Aurtengo mendi-martxeak ibilbide bi eukiko ditu. Nagusia Bermeoko Taraska plazan hasiko da, goizeko 09:00etan, beste edizino batzuetan lez; eta beste bat egingo da, laburragoa eta samurragoa, Arrietako udaletxearen paretik goizeko 10:00etan hasiko dan. Helburua da zutabe biek Solluberen tontorrean (684 metro) bat egin eta zintzo-zintzo betetea eguerdiko hamabietan adarrak joteko tradizinoa.

Oraingo honetan, klub anfitrioiak –Sollube 707– ibilbide zirkular bat planifikau dau, inguruan dagozan paisaje ederrak ezagutzera emoteko. Talaia harek iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barrualdera begiratzen dau. Ibilaldia Bermeoko erdigunetik Demiku auzorantz joango da eta, apurka-apurka, Katillotxu (336 metro) mendiaren magalean gora egingo dau. Kostaldeko mendi txiki horretan multzo arkeologiko megalitiko interesgarria dago. Handik Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederrak dituan bedartzatan zehar, ibilaldia Iturrietaren oinetara (611 metro) hurreratuko da eta, bertatik, Sollubeko deiadar-tontorrera. Bueltea hainbat bidezidorretan zehar egingo da, Bizkaiko txoko horretako beste ikuspegi batzuez gozetako.

Ibilpide laburrena Solluberen beste magaletik egingo da eta Mungiako Tallu Mendizale klubeko kideek gidatuko dabe. Beste ibilpide zirkular hori goizeko 10:00etan hasiko da, Arrietako udaletxean. Herri txiker horretara joaten diranek haraneko bidexka sigi-sagatsuetan barrena hasiko dabe ibilbidea. Iturrieta mendira joango dira lehenengo eta, handik, apurka-apurka, Sollube mendira igongo dabe.

Garai bateko kontakizun erromantikoak gogorarazoteko jardunaldian, beste deiadar bat erabiliko da, egun haretarako beren-beregi egina, eta urtero deiadar-mendietan tontorrik tontor ibilten da. Sollube tontorrean deiadarren hotsa aditu ondoren, antolatzaileek jaigune txiki bat atondu dabe tontorretik hur dagoan askaldegi baten, musikea, jantza, mokautxo eta guzti.

Ekitaldian, Sollube 707 mendi taldeak lekukoa emongo deutso Durangoko Alpino Tabira klubeko ordezkariari, Oiz mendirako igoerea antolatu deien. Igoerea datorren urteko sasoi honetarako dago aurreikusita, eta, halan, deiadar-mendiak igoteko zikloak aurrera egingo dau.

Deiadar Mendien Eguna martxa klasiko bihurtu da dagoaneko mendizale eta euskal tradizinoen zaleen artean. Igaz, ehunka lagun joan ziran Kolitzara, Bizkaiko Batzar Nagusietarako deian parte hartzeko, Antonio Truebak idatzitako kroniken arabera iraganean egiten ziran deialdien oroitzapenezko ekitaldira. Bizkaiko ordezkariak Gernikako Arbolearen azpian batzera joateko errituala, une historiko bakotxean bizkaitarrak arduratu eta kezkatu dituen gaiak jorratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu