Durangaldeko Ezpatajantzari Eguna Zaldibarren izango da

Bizkaie! 2024-05-21 12:46   Kulturea

Maiatzaren 25ean.

Igaz AbadiƱon egindako Durangaldeko Ezpatajantza Eguna (Txelu Angoitia). | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz Abadiñon hasitako bideari jarraituz, aurten Zaldibarren egingo dabe Durangaldeko Ezpatajantzarien Eguna. Durangaldeko jantza taldeak eta txistulariak batuko dira, herriko ondarearen garrantzia aldarrikatzeko. Horretarako, Gerediaga Alkarteak kudeaketan laguntzinoa eskaini dau eta Zaldibarko Udalak ekitaldia egiteko dirulaguntzino emon dau.

Ospakizunean, Durangaldean eta Euskal Herrian be lan handia egin eban Balendin Lasuen Solozabal zaldiabartarra autortuko dabe, izan be, astebetera, bagilaren 1ean, 100 urte beteko dira jaio zala. Politikari, enpresaria, euskal idazle, eta historia-ikertzailea izan zan. Euskal Herria kultura aldetik suspertzeko lan handia egin eban. Zaldibarko Koraleko presiente eta Zaldibarko alkate modura, herriko kultur bizitzean eragin handia izan eban. Hori gitxi balitz, jantzaria be izan zan.

9 herri, 11 jantza talde eta Durangaldeko txistulariak

Zaldibarko Euskal Herria etorbidean izango da Ezpatajantzarien ekitaldi nagusia. Halanda ze, Olazar frontoiaren aurrean batuko dira eskualdeko jantza taldeak, argazki ofizialak atera ostean kalejira bertatik hasteko.

Jantzarien saioaren aurretik, Balendin Lasueni autortzea egingo jako eta Zaldibarko Udaleko eta Gerediaga Alkarteko ordezkariegaz batera, Zaldibarko Koralak be parte hartuko dau. Ganera, Lasuenen familiakoak bertan izango dira.

Ostean, Jantzari-Jantzako 9 piezak jantzauko ditue: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-jantzea eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-jantza edo erregelak egingo dira.

Egitaraua

- 12:30: Kalejira.

- 13:00: Balentin Lasuen gogoan ekitaldia, Zaldibarko Koralaren parte hartzeagaz.

- 13:15: Jantza-saioa (euria bada, Kiroldegian izango da).

- 14:30 Erromeria kalerik kale Gorka Valdes soinulariagaz eta Mikel Elizaran panderojoleagaz.

- Parte hartuko daben jantza taldeak ondokoak dira:

  • Zaldibarko jantza taldea.
  • Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo.
  • Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai.
  • Iurretako jantzariak.
  • Mallabiko Gazte Alai.
  • Otxandio Urduri.
  • Mañariako Andra Mari.
  • Zornotzako Udabarri.
  • Garaiko jantza taldea.
  • Durangaldeko txistulariak, besteak beste, Jaizale eta Udazken txistularien taldeak.

Zaldibarko jantza taldea gaur egun

2010eko hamarkada hasieratik Zaldibarko jantza taldea eten luze baten ostean aktibo dago. Batez be, San Andres jaietan urtetzen dira plazara, zemendian, eta baita garagarrileko jaietan be. Ospakizun, ekitaldi eta auzoren bateko jaietan eskatu ezkero be han izaten dira.

Talde mixtoa da, neska zein mutil ataratzen dira plazara Jantzari-jantzean. Taldearen bereiztazun nagusiena, jantziak dira, izan be, ezpatajantzarien artean, emakumeak eta gizonak ezbardin urtetzen dira jantzita.

Gaur egun, astero batzen dira entseguetan eta 20 bat laguneko koadrila da guztira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu