Ibilbide megalitikoa Armañongo ondarea nabarmentzeko

Bizkaie! 2024-05-21 08:57   Kulturea

Bagilaren 8an ibilbide herrikoia atondu dabe ingurua ezagutarazoteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak Armañongo kultura eta paisaia ondareari historiaurreko hileta-monumentuen bidez balio emongo deutson ibilbidea sortzeko proiektua finantziau dabe. Karrantza Haranako Udalaren lankidetzeari esker egin dan ibilbideak, parke naturaleko trikuharri eta tumulu nagusiak zeharkatzen ditu, Agiri arkeologia alkarteak egindako ikerketen ondoren osotu dan ibilbidean. Proiektuak barrubatzen ditu inguruko paisaiaren ganeko esku-hartzea eta Armañon-Galupa-Surbias gailur-lerroan zeharreko eta 2009an Eusko Jaurlaritzeak Monumentu Multzo izentau zituan 14 hileta- monumenturen azterketa arkeologikoa.

Ekimena aurrera eroateko, azterketa arkeologikoak egin ziran, zundaketa estatigrafikoko kanpainak eginez horreetako batzuetan indusketa zaharrak barrintegrau eta finkatzeko lanak eginez, beti be ondareari balioa emoteko. Aurretiazko lanak amaitutakoan eta aztertutako monumentu megalitikoak jagon eta babesteko, monumentuok ikusteko eta antzemoteko moduan jarri dira, ingurua garbitzeko esku-hartzeak eginda eta horreek identifiketan dituan seinale ofizialak jarrita.

Ibilbide megalitikoak El Suceso auzoa eta Amañongo Parketxea batzen ditu (Pozalagua kobazuloaren ondoan) eta sarbide osogarriak ditu Santecilla eta Paules auzoetatik eta Turtzioztik. Urteera-helmugako puntu nagusietan (El Suceso eta Parketxea) panel bi dagoz, La Lama tumulua interpretetako panel bat eta baita ibilbidean zehar doazen personak orientetako norabidea adierazoten daben seinale batzuk be.

Horrezaz gan, Armañongo Parke Naturaleko Turtziozko informazino puntuan, Parketxean eta Karrantza Haranako Turismo Bulegoan informazino liburuxkea dago jentearen eskura. Liburuxka horrek QR-a dauka bertan batzen dan informazino arkeologikoa zabaltzeko interesa daben personentzat. Bertan, ganera, La Lama tumuluaren eta Biroleo I zistearen barreregite birtuala erakusten daben bideoak dagoz.

Proiektu horren inguruan egindako lan guztiaren emoitzea prestakuntza teknikoko ikastaro batean eta kasu horretan Enkarterriko biztanleei zuzenduta egin zan jardunaldi batean zabaldu ondoren, ibilaldi herrikoia atontzeko lanak martxan dagoz, kultura ondarea in situ ezagutarazoteko eta daukan balio naturala zabaltzeko, ingurumen babes bereziko parajea dala kontuan hartuta. Ibilaldia, bagilaren 8an egingo da.

(Argazkia: Agiri Arkeologia Alkartea).

Ikerketa arkeologikoaren emoitzak

Karrantzako Haranean Bizkaiko dolmenen ia erdia dago, arro hau mugatu eta ixten daben gailur-lerroetan zehar banatuta: Armañon, La Escrita, Hormatza, Balgerri eta Aizko-Ubal. Ikusita zenbat monumentu dagozan eta aditu batzuek XX. mendearen azken hamarkada bitan eskuratu zituen karbono datazinoak kontuan hartuz, pentsau daiteke Enkarterriko ingurua Kantauri ekialdeko Neolitikoaren garapeneko nukleotako bat zala.

Agiri Arkeologia Alkarteko taldeak ibilbide hau zehazteko Armañongo estazino megalitikoan egindako ikerketea arkeologikoen ondotik, Kantauri ekitaldian historiaurrean hileta praktikak zelakoak ziran ezagutzeko ikuspegi barriak zabaldu dira.

Ibilbidea osotzen daben 14 monumentuen artetik esanguratsuenak diran hirurak aztertuta, hona hemen  ondorio nagusiak:

- Biroleo I zistea da Bizkaia osoan definidutako bakarra, eta banakako (edo persona gitxiko) ehorzketa eredua jarraitzen dau. Kristo aurreko bigarren milurtekoko azken herenekoa dala pentsatzen da.

- Armañon eta Galupa III tumuluak lauzazko hobi ganberarik ez daben tumulu txikiak dira, hileta arreorik be ez ebenak. Horreetan, su arrastoak baino ez ziran antzemon, ikatz ugari agertu baitzan. Egitura horreetan egindako esku-hartze bietan ezin izan da erabagi zein zan esanahia eta kronologia.

- Monumentu multzo osotik La Lama da interes handiena dauena. Bizkaiko bost monumentu handienetako bat da (20 metroko diametroa bider 2,40 metroko altuerea) eta Armañon mendiaren hegoaldean dagozan laugune handi batean dago, 742 metroko altueran. Karrantza eta Turtzioz haranen ganean, posizino estrategikoa dau eta, seguru antzean, Historiaurrean balio sinbolikoa izan eban. Eraikuntza fase ugari identifikau dira, hainbat teknika eta material erabilita:

  • Lurrez egindako tumulua eregi zan, harrizko babes batez estalita. Erdiko partean, depresino txiki baten ganean, hareharrizko losea agertu zan, erronbo formakoa, posizino bertikalean.
  • Lur eta harrizko lehen tumulu horren ganean harriz egindako egitura solidoa jarri zan, 1,30 metroko lodierea ebana, hatx lehorrezko lauza horizontalen bidez jarritakoa. La Lamak dauen bolumen handia bigarren eraikuntza fasean lortu zan, barrualdeko egitura zigilatu eta ezkutatzeko helburuz.
  • Azkenik, zehaztubako data batean, harrizko tumulua moztu eta zeharkatzen dauen pozua topau zan. Oraindik ez dakite zergaitik egin zan hori.

Agiri taldearen ustez, La Lamak eraikuntza aldetik antzekotasun handia dago ohiko ganberarik ez daben Asturiasko tumuluakaz. Azken horreek Kristo aurreko V. milurtearen amaieran eregi ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu