autoritateak.eus, pertsona-izenen autoridadeak bateratzeko tresnea
2024-05-20 12:27 KultureaAtariak euskerazko pertsona-izenen autoridade arautuak eta bateratuak ikusgai jarriko ditu.
Euskal Autoritateen Lantaldeak Eusko Ikaskuntzagaz sinatutako lankidetza-hitzarmena aurkeztu dabe. Horren bidez, 2017an Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako liburutegietako eta dokumentazino-zentroetako profesionalek martxan jarritako ekimenagaz bat egin dau Eusko Ikaskuntzak erakundeak.
Proiektuaren helburua euskeratik euskal bibliografian dagozan autoridadeen zerrenda bateratu bat sortzea da, kontzeptu horren barruan jasoten baitira Euskal Herrian edozein hizkuntza, gai edo formatutan editautako edo produzidutako lanak, zein Euskal Herritik kanpoko baina euskal hizkuntza edo kultureagaz zerikusia daben horreek be.
Zer dira (euskal) autoridadeak?
Liburuzain-katalogatzaileek erregistro bibliografikoetan persona-izenak edo gaiak modu normalizatuan eta bateratuan erabili ahal izateko, aurretik autoridadeak landu behar dira, hau da, bibliografietan jasotako autoridade-erregistroen (izenen, ezizenen edo tituluen) forma komun, normalizatu eta arautua ezarri behar da; autoridadeen kontrolaren bidez, gainera, (katalogoetako sarbide-puntuak sortzen, bateratzen eta eguneratzen dituen prozesuen multzoaren bidez), sarreren arteko erlazinoak erakutsiko dira.
Helburua biltegiratutako dokumentuak bilatu, identifikau eta berreskuratzea da, nahasteak ebitau eta erabiltzaileari denporea aurreztuz. Erakunde korporatibo edo personal jakin baten obrak bilaketa bat egiten dan bakotxean berreskuratzen dirala ziurtatzeko, sarrera nagusia zehaztu behar da, haren forma onartua ezarri, baita onartu bako formak edo lotutako formak aitatu be.
Erabilerea, batez be, katalogoetan, liburutegietan eta beste edozein erregistro guneetan emongo da, baita hedabideetan edo kale izentegietan be. Autoridadeei esker, eta kasu honetan zehazki euskal autoridadeei esker, erregistroen bilaketan, euskeraz be erreferentzia komun, normalizatu eta arautuak egoten dira eskuragarri.
Izen-deiturak arautzeak erreferentzia fidagarria, bateratua eta iraunkorra emoten dau. Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren faltan, lan horren ardurea Euskal Autoritateen Lantaldeak eta Eusko Ikaskuntzak erakundeak hartu dabe, euskeratik be nazinoartean indarrean dagozan arauakaz eta erakundeakaz bat egiteko asmoz.
Aurkezpenean, autoritateak.eus ataria ezagutzera emon dabe, autoridadeen izenak batzen dituen fitxak jasoz, baita aldaerak, onartutako edo onartu bako moduak be, eta konsulta edegian eskuragarri egongo da. Gaur sinatutako hitzarmenean zehazten danez, Eusko Ikaskuntzak erakundeak beregan hartu dau proiektua lantzeko beharrezkoa dan azpiegitura teknologikoa jartea.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako buruaren eretxiz, herri-ikuspegia bultzatzen eta interes orokorrekoa da, euskal produkzinoa zabaltzea eta sarbidea erraztuko dituana, baita euskerearen sustapena be, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako kultura eta akademia-erakundeen arteko lankidetzea bultzatuko dauena.
Bestalde, Idoia Sobrino Euskal Autoritateen Lantaldeko kideak nabarmendu dauenez, euskeratik lan hau modu orokor eta bateratu batean egin barik egoen oraindino eta gaurtik aurrera danontzako iturria izango dogu, autoridadeen zerrenda oso bat, edozein erakundek bere autoridade katalogoa osotzeko erabili ahal izango dauena.
Tresna bera hurrengo urtetan handitzen eta gorpuzten laguntzen daben profesionalak eta erakundeak be aitatu ditue: BILKETA Sarea (IKAS Pedagogia Zentroa, Euskal Museoa, Baionako Liburutegia eta Paueko eta Aturrialdeko Unibersidadeko Liburutegia), ASNABI (Nafarroako Liburuzainen Elkartea), Eusko Jaurlaritzea (Liburutegi Zerbitzua, Euskariana, HABE eta EIMA Katalogoa), Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegia eta Renoko Unibersidadeko Jon Bilbao Liburutegia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!