'Emakume Zamaketariak' erakusketea ikusteko azken egunak

Bizkaie! 2024-05-20 11:09   Kulturea

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak maiatzaren 24ra arte izango dau zabalik.



Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak maiatzaren 24ra arte izango dau zabalik, Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga, 6 – 48008, Bilbo), XX. gizaldia ondo aurreratu arte lurraldeko portuetan lehorreratzen ziran itsasontzietako merkantziak kargetan eta deskargetan ibili ziran emakumeak omentzen dituan erakusketea. Emakume horreek, euren indar eta ausardiagaz, mendeetan zehar, eurek jakin barik, Bizkaiko garapen komertzial eta ekonomikoaren oinarrizko pieza bihurtu ziran, luzaroan euren lana gizartearentzat ikusiezina izan zan arren.

Emakume zamaketariak. Ikusarazo beharreko lanbidea erakusketan, gogorarazo egin gura da belaunaldi askotako andrazkoen artean be errealidade izan zan ogibidea, izan be, dokumentazinoari esker eta, batez be, Amaia Apraiz Sahagúnek eta María Romano Vallejok egindako azterlanari esker, jakin badakigu andrazko zamaketariak izan zirala XVI. gizalditik XX. gizaldiko 50eko hamarkadara bitartean. Lanbideak oraindino be badirau, baina hobekuntza sozialei eta garapen teknologikoari esker, oraingo beharrak ez dau beste garai batzuetakoagaz ezelango antzik. Gaur egun, Espainiako Estaduan zamaketan dabilzan andrazkoak lanbideko % 5 baino ez dira.

Bizkaiko enpresa-ehunak bizirik irauteko hain garrantzitsua izandako lan hori egiaztatzeko material grafikoa, dokumentu ofizialak, egunkarietako albiste laburrak, argazkiak, ilustrazinoak eta artelanen erreprodukzinoak batu ditu Bizkaiko Kamareak. Kultura-ondarean adituak diran Apraizek eta Romanok Emakume zamaketariak. Ikusarazo beharreko lanbidea. Zamalanetan ibilten ziran andrazkoak argitalpenean batu daben ikerketa-laneko materialaren barruan dago erakusketako materiala. Hainbat iturri erabili ditue: Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Bilboko Udal Artxiboa, Euskadiko Artxibo Historikoa, Bilboko Portu Agintaritza, Sancho el Sabio Vital Fundazinoa, Bilboko Euskal Museoa eta Arte Ederren Museoa.

Batzarretan ikusi daitekezan ilustrazinoen artean, nabarmenak dira Eulalia Abaituaren eta Allende-Salazarren argazkiak, Pedro Telesforo Errazquin Astigarragaren eta Germán Elorza Arrietarenak, Luis Paret Alcázarren (Areatza) eta Juan Eustaquio Delmasen koadroen erreprodukzino zabalduak edo dokumentu ofizialak eta prentsa-artikuluak (El Cantábrico eta El Liberal).

Joandako denporetan gizarte kapitalistea eregiteko lan-indar bat gehiago izandako andrazkoa dago deskribiduta hor, biziraun nahian ebilena miseriaren ekonomian –gizonei baino gitxiago ordaintzen eutseen–, etenbako tratu txar eta moralkeria sozial artean. Ia 500 urtean zehar kargatzaile, deskargatzaile, zamaketari edo karga-pisatzaile izenakaz ezagutu doguz, gizarteak ikusi gura ez bazituan be. Baldintza latzetan lan egiten eben andrazkoen taldea izan ziran zamaketari andrazkoak, ia-ia esklaboen pareko baldintzetan.

Kultura-ekimen hau Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bardintasun Planean jasotako ekintzen arteko bat da: gizonen eta andrazkoen artean bardintasun-tratua sustatzeko ekintza zehatzak dagoz batuta eta alderdi politiko guztien babesa jaso dau. Nafarroako Parlamentuaren ondoren, Espainian bardintasun plan bat onartu eban bigarren erakunde legegilea izan zan Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundekoa. Bizkaiko aurrerabidean andrazkoen lanari balioa emoten laguntzea da horren ekintzetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu