2024ko Aste Nagusiko kartelen lehiaketarako proposamenak aurkezteko azken egunak

Bizkaie! 2024-05-20 10:01   Kulturea

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek bagilaren 2ko 23:59ra arte dabe epea zabalik.

Jaien irudia izateko eta Aste Nagusia sustatu eta iragarteko 2024ko Aste Nagusiko Kartela izateko lanak online aurkeztu behar dira eta hemen dagoz eskuragarri lehiaketako oinarriak.

Lanak originalak eta argitaratu bakoak izango dira eta gehienez be bi aurkeztu ahal izango ditu parte-hartzaile bakotxak. Formatu bertikalean aurkeztu beharko dira (50 cm x 70 cm) eta testu hau izan beharko dabe: "Bilbao 2024-Aste Nagusia-Abuztuak 17-25 Agosto". Gainera, kartela izenburu edo goiburu bategaz identifikau behar dabe eta deskribapen labur bat erantsi.

Udalak atondutako lehiaketa honetan, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek parte hartu ahal izango dabe.

Nobedadea da adimen artifizialeko (AI) sistemen erabilereari buruzko zehaztapen bat gehitu dala oinarrietan: Egileak adimen artifizialeko sistemaren bat erabilten badau kartela egiteko, horren barri emon beharko dau. Horrezaz gan, tresna hori ze neurritan erabili dauen eta zelan zehaztu beharko dau, eta jaubetza intelektualaren eskubideak errespetetan dirala bermatu beharko dau. Era berean, balorazinoari jagokonez, zehaztu da gizakiek egindako kartelak hobetsiko dirala adimen artifizialaz (IA) egindakoen gainetik.

Kontuak kontu, finalera helduko diran sei kartelen lehen hautaketea Jai Batzordeak izentautako epaimahai batek egingo dau. Bederatzi kidek osotuko dabe epaimahai hori: diseinu grafikoaren eta komunikazinoaren alorreko bost lagun, Udal Korporazinoko hiru ordezkari (baita Jai Batzordeko presidente Itziar Urtasun be) eta Bilboko Konparsak erakundeko ordezkari bat. Epaimahaiak dibersidadea balorauko dau generoa eta sexu-orientazinoa, jatorria eta kulturea, dibersidade funtzionala, edadea, klase soziala, gorputz muetea eta bestelakoak irudikatzean, rolak eta estereotipoak ebitauta.

Gero, herritarrek sei kartel finalistak bozkatuko ditue, bagilaren 17tik 23ra bitartean.

Ohikoa danez, Bilboko Udalak, herritarrek Aste Nagusiaren irudia hautatzeko orduan parte hartu deien sustatzeko, Btazino Sistema Mistoa proponiduten dau: bertatik bertarakoa (lekua zehaztu barik dago), digitala (Udalaren webgunearen bidez) eta epaimahaiaren botazinoa. Hiru bozketak batuta puntu gehien lortzen dauen kartelak irabaziko dau.

Epaia bagilaren 25ean ezagutarazoko da.

2024ko Aste Nagusia iragarriko dauen kartel finalisteak 3.000 euroko saria jasoko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu