Puppy udabarriz jazten da

Bizkaie! 2024-05-17 07:49   Kulturea

Jeff Koonsen eskulturea, asteon hasi da bere landare-estalkia aldatzen udaberri/udako loreakaz.

Artistearen diseinu originalen arabera, alegria lore, begonia, petunia eta ageratumakaz, kolore-orbanez apainduta agertuko jaku.

Puppyren lore-aldaketea urtean bitan egiten da, maiatzean eta urrian, bederatzi egunez. Prozesu konplexua da, arretaz egin beharrekoa, aldez aurretik milaka lore espezifiko landatu behar jakozalako obra honi, izan be, lorezaintzan adituak diran hogei laguneko talde bat behar izaten da lan hau egiteko, Museoko konserbazino saileko arduradunek gainbegiratua.

2022tik jasangarriagoa da Puppy, bere barruko egiturearen saneamenduari eta urruneko ureztatze-sistema barriari esker. Sistema horrek hezetasun-neurgailuak ditu sei gune kritikotan, eta igesak detektetan ditu, ur-konsumoan nabarmen aurrezteko eta konserbazinoa optimoa izateko. Ingurumena babesteko bide horri jarraituta, Puppy estaltzen daben landareak, 40.000 gitxi gorabehera, inguruko mintegietatik datoz. Orain, gainera, LED teknologiaz horniduta dago eskulturearen kanpoaldeko argiztapena, Museoko gainerako argiak bezela.

Puppyk maiatzaren 21ean erakutsiko deusku udabarriko bere jantzia, barriro be, Museora egunero hurreratzen diran herritar eta bisitarien artean poza eta baikortasuna zabaltzeko.

Puppy tailerrak

Puppyren lore-aldaketeagaz eta Birziklapenaren Nazinoarteko Egunagaz batera, maiatzaren 18ko eta 25eko astegoienetan, arte-tailerrak eskainiko jakez Museoaren Lagunen seme-alabei. Tailer horreetan material harrigarriak deskubridu eta naturan oinarritutako autorretratuak sortuko ditue berrerabilitako kartoiagaz eta naturako elementuakaz ꟷhostoak, lurra edo landareakꟷ.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu