'Aire errea' inaugurauko dau Xabier Erkizia soinu-artisteak Gernikan
2024-05-14 10:42 KultureaMaiatzaren 16an Gernikako Bakearen Museoan.
Gernikako Bakearen Museoa eta UPV-EHUko MHLI (Memoria Histórica en Literaturas Ibéricas) ikerketa taldearen arteko alkarlanean atondutako hirugarren erakusketa honetan Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) artistearen Aire errea izeneko soinu instalazioa aurkeztu dabe. Erakusketa, 2024ko maiatzaren 16tik garagarilaren 7ra egongo da ikusgai Gernikako Bakearen Museoan.
Gerraren zarata kontzeptuaren gaineko hausnarketea da, mendebaldeko gizartean gerreari buruz daukagun iruditeria zabal eta konplexuaren harira, irudiez gan, soinuaren bitartez be eregi dan neurrian. Gerra baten soinuen gaineko hurreraketa gitxi egin dira, nahiz eta jakin gerreak esangura guztiak joten dituala eta bereziki entzumenetik datorrena.
Zelako hotsa dau gerra batek? Hori da artisteak bere buruari egin deutson galderea.
Gernikako bonbardaketatik bizirik urten eban lekuko batek emondako deskribapenean oinarrituta, Erkiziak aire errea nozinoa bere egin dau, bonbardaketearen ondoren etorri zan suteari erreferentzia eginez.
Erakusketea hiru ataletan bananduta dago: Lehenengoan dokumentazino gunea dago; bigarrenean ikus-entzunezko baten bidez hain ezaguna dan sireneari buruzko ikerketa bat aurkezten da; azkenik, arriskuaz ohartarazoten gaituan sirena hotsak sortzeko erabilten ditugun tramankuluz betetako instalazinoa topauko dogu hirugarren aretoan.
Xabier Erkizia
Soinu-artistea, ikerlari independentea, produktore artistikoa, kuradorea eta entzulea da. Azken 30 urteotan alor askotan lan egin dau entzumena eta soinugintzeagaz zerikusia daben egitasmotan. Lesakarraren soinu instalazinoak eta bestelako lanak mundu osoko hainbat jaialdi, kultur zentro eta museotan erakusten dira.
Kontuak kontu, erakusketearen inaugurazinoa, datorren maiatzaren 16an, eguenean, izango da, goizeko 11:00etan prentsarako bisita berezia egingo da eta arratsaldeko 18:00etan publiko orokorrarentzat.
OHARRA: webgunea berreregiten dabil, diseinu barri, gaurkoago, eskuragarriago eta erakargarriagoa izango dauena. Okerrik ezean bagilaren 30en egongo da prest Gernikako Bakearen Museoko webgune barria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!