Iñigo Iturrate da Euskalduna Bilbaoko zuzendari Nagusia
2024-05-14 07:52 KultureaNerea Lupardoren lekua hartuko dau Iturratek.
Euskalduna Bilbaok zuzendaritzea aldatu dauela iragarri dau, izan be, Nerea Lupardok agur esan deutso zuzendari karguari eta Iñigo Iturrate izentau dabe zeregin horretarako.
Iturrate Bizkaiko Foru Aldundiko karrerako funtzionarioak etapa barriari ekin deutso Bilboko Musika eta Kongresu Jauregiaren lidergoan, eta konpromiso sakona hartu dau Euskalduna Bilbaoren misino eta balioakaz.
Iñigo Iturrate Ibarra
1963ko urtarrilaren 20an jaio zan Bilbon (Bizkaia). Animazino Soziokulturaleko teknikaria da eta karrerako funtzionarioa Bizkaiko Foru Aldundian, Kultura sailean.
1985etik 1990era, Sustapen eta Bazkide Barrien Arloko arduradun lanetan ibili da Estanislao de Labayru Eleizbarrutiko Institutuan eta, Bizkaiko Foru Aldundian egon ondoren, 2003ra arte hainbat kargu bete zituan, besteak beste, Gaztetxo Eskolako Hezitzaileak Prestatzeko zuzendaria, Aisilan K.E.ko zuzendaria (kultura eta aisialdi-baliabideak kudeatzen dituan enpresea) eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko ahalduna izan zan,Kultura Batzordeko bozeroailea izateaz gan. Era berean, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruordea eta Azpiegitura Batzordeko bozeroailea izan zan, baita Euzko Abertzaleak Batzarkide Taldeko koordinatzailea be.
2003tik 2007ra, EAJren Taldeko bozeroaile izan zan Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundean eta Kultura Batzordeko presidentea izan zan. Gainera, hainbat komisino garrantzitsu osotu zituan.
2007ko garagarriletik 2009ko apirilera, Bizkaiko Foru Aldundira bueltau zan, Ahaldun Nagusiaren Kabineteko Bardintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako zuzendari nagusi lanak egiteko.
2009ko maiatzetik 2024ko maiatzera, Gasteizko Ganberako legebiltzarkidea izan da eta Mahaiko 2. lehendakariorde eta, ondoren, 1. idazkari karguak bete ditu. Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldearen koordinatzailea eta hainbat batzordetako bozeroauilea be izan zan, Erakundeak eta Herrizaingoa, Giza Eskubideak, Bardintasuna eta Justizia eta EITBren kontrola.
Hizkuntzei jagokienez, ingeleseko B2 mailea dau, euskerazko EGA eta frantseseko oinarrizko ezagutzea, ahozkoa zein idatzizkoa.
Horrezaz gan, Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko eta Lankidetzarako Euskal Kontseiluko kide izan zan 2007ko garagarriletik 2009ko apirilera. 2009ko urritik, EITBko Administrazio Kontseiluko kide da eta hainbat irrati eta telebista saiotan parte hartu dau.
Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kide be bada 2015eko urritik eta EAJren hauteskunde-kanpainako ekitaldiak diseinetako, programetako, garatzeko eta koordinetako ardurea izan dau azken 20 urteetan. Horrezaz gan, Sexu eta Ugalketa Eskubideen aldeko Europako Parlamentu Foroko eta Aliantza Parlamentario Globaleko kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!