Jose Angel Lasaren ‘-n, -z, -tik, - rantz’ eskultura erakusketeak bihar zabalduko ditu ateak

Bizkaie! 2024-05-10 12:36   Kulturea

Bermeon, frantziskotarren klaustroan dago urrira arte.





Frantziskotarren klaustroa jantzi dau Jose Angel Lasa eskultoreak; 40 urteko lanaren lagin bat erakutsiko dau. Legorretakoa bada be, Bermeon bizi da, Arane auzoan. Naturan bilatzen dituanak berrerabilten ditu, eskultura bihurtuta. Eskarmentuduna da mundo horretan.

Lasaren 50 eskultura baino gehiago ikusi daitekez frantziskotarren klaustroan, neurri eta garai askotakoak. -n, -z, -tik, -rantz eskultura erakusketearen inaugurazino ekitaldia bihar, maiatzak 11, izango da, 13:00ean. Jose Angelek herritarrak gonbidau ditu, bere lanaren zehetasunak gehiago ezagutu ahal izateko.

Frantziskotarren klaustroan egunak eta orduak emoten dituala dino Lasak: Lekua oso ederra da, espazioaren antolaketa oso berezia da. Normalean ez da inor egoten, beraz, datorrenarentzat opari bat da. Bermeon erakusketa egin gura eban eta lan horreek ezin zituanez Nestor Basterretxea aretoan jarri beste kokaleku batean pentsauta, Bermeoko ospitalea etorri jakon burura, izan be, leku zabala behar dau bere lanak erakusteko.

Frantziskotarrakaz eta Bermeoko Udalagaz hartu-emonetan jarrita, klaustroan egitea lortu dau. Inguruan topetakoak erabilten ditu Lasak bere lanetarako; berrerabileran oinarritzen da: erakusketa honetako 16 pieza, aurtengo neguan haizeteek Lameran botatako zugatzen zatiak dira, Almerian gorrotatzen dituen erratzak, hiltear egozan Valentziako laranjondo zatiak, etxean egin eben magnolia baten inausketea..., nik ez ditut zugatzak botako, hondakinak dira edo inork gura ez dituanak. Ingurutik jasoten ditudanak berrerabilten ditut, dino artisteak. Gatxa da inspirazioa nondik jatortan esatea, badakit gauzak kontetako jarrera hau daukadala. Pinturarako ez dot jarrera hau izan, ezta argazkigintzarako be, baina bai ostera gauza honeek egiteko. Pentsetan dot umetatik datorren zeozer izango dala, baina nik be ez dakit; normalean horretan gabizanok ez dakigu nondik jatorkun inspirazinoa.

Lanok intensidade handikoak dira: Atapuercara joan, han egon, moztu, kamioi bat lortu, ekarri... lehertuta amaitzen dozu. Ondorengoak be lan handia dakar, piezetako batek, esaterako, azpitik sei kolore ditu. Frogak eta frogak egiten ditut, gustukoa dodan azken emoitzea lortu arte”.

-n, -z, -tik, -rantz izena jarri deutso erakusketeari: euskereak badau gauza izugarri bat, atzizkiak. Atzizkia ez da ezer zeozeren ondoan ez badago, eta holan ikusten ditut gauza honeek. Klaustroaren atzizkiak dira lan honeek. Nik lan honeek bidelagun imajinetan ditut. Hori be posible da artearen munduan, XX. mendeak aukera hori emon deusku eta errealagoa da; ez bakarrik irudikatu, baita beste gauza batzuk be. Gaur egun, irudikatu zeinke eta horrezaz gan beste ariketa batzuk egin zeinkez eta nik uste dot horretan nabilela pieza honeekaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu