Maiatzaren 14an egingo da VII. Txiotesia Lehiaketea

Bizkaie! 2024-05-10 09:53   Kulturea

Parte-hartzaileek Mastodon-etik edo X-etik zabaldu behar dabe euren ikerketa-lana.

UEU-k 7. aldiz atonduko dau Txiotesia. Bertan parte hartuko daben ikertzaileek euren tesia X-eko 6 txiotan edo Mastodon-eko 3 mezutan laburtu beharko dabe. Urte birik behin egiten dan ekimen honen helburuak euskal ikertzaile gazteak eta euren lanak ezagutarazotea eta euskerazko zientziaren dibulgazinoa sustatzea dira. Edizino honetan X (lehengo Twitter) sare sozialaz gan, Mastondon-en be parte hartu ahal izango dabe ikertzaileek.

Agerraldian Ainhoa Latatu Nuñezek, UEUko Ikergazte kongresuko arduradunak eta Zuriñe Etxanobe Solagurenek, Txiotesia lehiaketako koordinatzaileak, parte hartu dabe.

Ainhoa Latatu Nuñezek ikerketa zientifikoaren garrantzia azpimarratuz hasi dau prentsaurrekoa: ikerketa zientifikoa prozesu dinamikoa da, zorrotza eta ezagutzak eskuratzeko helburua dauena. Gure inguruko errealidadea eta jazoerak ulertzeko ezinbestekoa da eta neurri horretan, ikertzaile euskaldunek eskaintzen deuskuen ezagutzea balioan jarri eta errekonozidu behar dogu. Etorkizunari begira, ikertzaile gazteak gure harrobia izateaz gan, euskeraz ikertzeko eta zabaltzko prest egotea be beharrezkoa dala uste dogu, alde batetik, gure gizartearen bereizgarriak eta mundu-ikuskerea aztertu eta bertatik oinarritutako jakintzea mundura zabaltzeko eta, bestetik, euskerazko produkzino zientifikoa aberasteko be. Horregaitik guztiagaitik, UEU-k akuilu eta plaza izan nahi dau ikertzaileen belaunaldi barri (eta ez hain barri) honentzat.

Esangura horretan, UEU orain hamabi urte hasi zan ikertzaile euskaldun gazteei ikusgarritasuna emoten eta euskerazko ikerketak sustatzen. Bide horretan, 2013an lehen aldiz jarri eban martxan Txiotesia Lehiaketa (guztira 344 ikertzailek parte hartu dabe) eta 2015ean IKERGAZTE kongresua atondu eban (igaz bosgarren edizioa egin eben Donostian, urtez urte 200 ikertzaile baino gehiago batuz). Horrezaz gan, eten barik dabil proposamenak martxan jarten eta horren erakusle dira, azken urteotan maila dibulgatzaileari jagokonez, atondutako Barredromoa ekitaldi zientifiko-umoristikoa, bai eta Akademiatik plazara saioa be, formatu txiki eta hurbilean. Ikerl(h)ari bideo-podcasta be produziduten dau UEU-k, euskerea eta ikerketak batu zituen lehen ikertzaileak ezagutzera emoteko. 250 ikertzaile euskalduni alkarrizketa egin eta jaso ditu 10 urte honeetan, askotariko gaien inguruan, egiten diran lan eta ikerketa mamitsuen erakusgarri.

Lataturen ustez, UEU une gozoa biziten dago ikerketa-alorrari jagokonez: igaz UEU-k EAEko Zientziako, Teknologiako eta Barrikuntzako Euskal Sareko Agente izatea lortu eban eta horrek ateak edegi deutsoz lehendabiziko aldiz ikerketa egiteko. UEU-n aspalditik eskatzen zan ikerketeari bere esparrua emoteko eta dagoeneko martxan jarri dogu Ikerketa Batzordea, etorkizunari begira UEU-k bultzatu nahi dauen ikerketea irudikatzeko asmoz.

Ondoren, Zuriñe Etxanobe Solagurenek, Txiotesia lehiaketako koordinatzaileak aurtengo edizinoko zehetasunak emon eta zergaitik sortu zan nabarmendu dau: Txiotesia lehiaketea 2013an jarri genduan martxan eta ordutik urte birik behin atontzen dogu euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratu eta ikertzaileen ikusgarritasuna handitzeko asmoz. Ikertzaile gazteen sarea sendotzea eta zientziaren dibulgazinoa euskeraz sustatzea be badira egitasmoaren helburuak. Aurtengo edizioan UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrearen kolaborazinoa izango dogu.

Parte-hartzaileek Mastodon-etik edo X-etik zabaldu behar dabe euren ikerketa-lana eta irabazle bi izentauko dira: Ikertzaile ulergarriena (500 €) eta Ikertzaile originalena (300 €).

Epaimahaia

  • Bitor Alonso Fradua (Mundaka, 1983): Kazetaritzan lizentziatua da (EHU). Komunikazino politiko eta enpresarialean dau masterra (Camilo Jose Cela Unibersidadea) eta Komunikazinoan da doktorea (EHU). Gaur egun EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazino-arduraduna da. Txiotesia lehiaketako 5. eta 6. edizinoetako parte-hartzailea be bada.
  • Galder Gonzalez Larrañaga (Barakaldo, 1982): Geologia ikasi eban EHUn eta Primatologia Bartzelonako Unibersidadean. Euskal Pentsamendu Kritikoa XX. eta XXI. mendean masterraz gan, UEUren Humanitate Digitalen aditu titulua be hartu dau. Dibulgatzailea eta wikilaria da eta gaur egun doktoregaia da EHUko Filosofia Fakultadean.
  • Maite Luengo Aguirre (Arrigorriaga, 1995): Artearen Historian doktorea da eta EHUko Arte Ederren Fakultadeko irakaslea. Euskal Herriko arte garaikidea ikertzen dau genero-ikuspuntutik. UEUko Talde Eragileko kidea da eta Txiotesia lehiaketako 5. eta 6. edizioetako parte-hartzailea be bada.
  • Jone Mitxelena Sanchez (Barakaldo, 1985): Biokimikan lizentziatua da (EHU) eta Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea (EHU). Ikerbasqueko ikertzailea da Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean (EHU).
  • Olatz Perez de Viñaspre Garralda (Gasteiz, 1987): Informatikaria eta Hizkuntzaren Azterketan eta Prozesamenduan doktorea da. EHUko irakasle eta ikertzailea eta UEUkidea da. Txiotesia lehiaketako 1., 3. eta 4. edizioetako parte-hartzailea be bada.

Sariak emoteko ekitaldia

Maiatzaren 30ean sari-banaketaren ekitaldia egingo dabe Eibarko Markeskoa Jauretxean, 18:00etan. Bertan, irabazleak nortzuk diran jakiteaz gan, Miren Iraeta Orbegozo, Oihane Mendizabal Sandonís eta Sofia Marcos Basagoiti ikertzaileek egiten dabizan ikerketa-proiektuari buruzko berbaldia emongo dabe (Euskal Herriko pottoken jatorria eta ondarea). Ikerketa-proiektu hori UEUk sustatu dau BadaLab-en laguntzinoari esker eta hitzaldi horretan ikertzaile bakotxak bere arloa aurkeztu (Arkeologia eta Biologia Molekularra) eta jakintza horreek diziplinarteko proiektu batean zelan alkartzen dituen azalduko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu