Jennifer Huidobrok ‘Abraham Zacut’ saria irabazi dau

Bizkaie! 2024-05-09 08:02   Kulturea

Ilargiko eta Marteko materialak aztertu ditu lanean.

Jennifer Huidobro, UPV/EHUko IBeA ikertaldeko ikertzailea | Ikusi handiago | Argazki originala

Jennifer Huidobrok, UPV/EHUko IBeA ikertaldeko ikertzaileak, Abraham Zacut saria jaso dau Iberiar Peninsulako doktorego tesi onenarengaitik, espazioaren esplorazinoari egindako ekarpen zientifikoa dala eta. Tesiak, Exploring Martian and Lunar Geochemistry through the study of meteorites, analogs, laboratory simulation, and mission data analysis izenekoak, NASAren Mars2020 misinoaren SuperCam tresneari lagundu deutso.

Aurtengoa izan da Abraham Zacut sariketearen lehenengo edizinoa. Europlanet Societyko nodo iberiarrak (Espainia eta Portugal) emoten ditu aitatutako sariak. Hain zuzen be, Europako komunidade zientifikoan planeten gaineko ikerketeari laguntzea eta ha sustatzea eta espazioko teknologia lantzea dira Europlanet Societyren helburu nagusiak.

Saritutako ikerketeak ekapena egin deutso NASAren Mars2020 misinoko SuperCam tresneari; tresna honek Marteko hatxakk eta lurzoruak aztertzen ditu kamera bat, laser bi eta lau espektrometroren bidez, planetearen mineral-egiturea eta elementu kimikoak aztertzeko edo biziteagaz hartu-emonen bat izan leiken organismoak detektetako helburuz.

Doktorego tesia Ilargiko eta Marteko materialen azterketa geokimikoan oinarritzen da, adibidez, meteoritoen eta Lurreko analogoen (Ilargiko eta/edo Marteko ezaugarrien antzekoak dituen materialak Lurrean) azterketan: simulazinoak egin ditut laborategian, egungo eta etorkizuneko espazioko misinoei laguntza zientifikoa emoteko. Era berean, mineral hidratatuak topau dira Marteko Jezero kraterrean eta, beraz, baieztatu daiteke ura dagoala alboko planetako mineralen egitura kristalinoen barruan laburtu dau Jennifer Huidobrok.

Huidobroren ikerketea euskarri izango da etorkizuneko beste misino batzuetarako, besteak beste, Europako Espazio Agentziaren (ESA) Rosalind Franklin misinorako eta Esplorazio Aeroespazialerako Japoniako Agentziaren (JAXA) Martian Moons eXprolation misinorako.

IBeA

IBeA Ikertaldea (Ikerkuntza eta Barrikuntza Analitikoa) espazioko hainbat misinoren parte da, besteak beste, NASAren Mars2020 misioaren parte eta ESAren Rosalind Franklin misinoaren parte. Gainera, SIGUE-Mars sareko kidea da; Espainiako lantaldea da hori, Marteren eta zeruko beste gorputz batzuen azterketa geokimikoa egiten dauena, etaespazioa arakatzeko tresneria lantzen dauena.

Jennifer Huidobro

Jennifer Huidobro Martin Villarcayon (Burgos) jaio zan eta UPV/EHUn ekin eutson ibilbide akademikoari. Kimikako Gradua eta “Paisaiaren Kudeaketa. Ondarea, Lurraldea eta Hiria” masterra ikasi zituan bertan. Ikertzaile lanetan jarraitu eban UPV/EHUn, Juan Manuel Madariaga Mota katedradunak eta Julene Aramendia Gutierrez ikertzaileak gainbegiratuta, Eusko Jaurlaritzako doktorego aurreko bekearen laguntzeari esker. Nevadako Unibersidadean, Las Vegasen, egin eban ikerketa egonaldia eta, 2023ko maiatzean, doktore titulua lortu eban Cum Laude noteagaz eta nazinoarteko merituagaz, “Exploring Martian and Lunar geochemistry through the study of meteorites, analogs, simulation work, and analysis of mission data” tesia aurkeztuta. Gaur egun doktorego ondorengo ikertzailea da UPV/EHUn, Kimika Analitikoa Sailean eta IBeA ikertaldean, Eusko Jaurlaritzako IKUR plan
estrategikoaren barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu