'Adarbakarra eta soinujolea' proiektuak irabazi dau Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria
2024-05-08 07:59 KultureaMaite Aizpuruaren eta Garazi Navasen proiektua.
Adarbakarra eta soinujolea da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2024ko proiektu irabazlearen izenburua. 2019az geroztik, 35 urtetik beherako gazteek Humanidade, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzien arloan sormen edo ikerketa lanak egitea babesten dau sariak.
Maite Aizpurua eta Garazi Navas egileek euskal kulturearen irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertzea proponiduten dabe, ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituz, performance baten bidez. Bertan, musikea, literaturea eta antzerkia buztartzen dabe; euskal kulturearen elementu tradizionalak eguneratuz, umorea eta poesia baliatuz eta diziplina arteko tresnak erabiliz. Adarbakarra eta soinujolea lanak gaur egungo euskal topikoei buruz esperimentatzen dau, gogoeta eta begirada barriak ikusarazoz.
Maite Aizpuruak (1990) Arte Dramatikoko Goi Mailako Ikasketak egin ditu Dantzertin, eta Soziologian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna da EHUn; arte eszenikoetan eta gizarte-mugimenduetan esperientzia handia dau. Bestalde, Garazi Navasek (1995) akordeoi espezialidadea ikasi dau Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia), eta Musika Interpretazinoaren Irakaskuntzan masterra dau. Ganera, hainbat estilotako kontzertuetan parte hartu dau.
Proiektu horretarako alkartu dira Garazi Navas eta Maite Aizpurua alkarrekiko mirespenak eta klasizismoaren, herri-tradizinoaren eta euskal arteen garaikidetasunaren arteko bide barriak alkarregaz aztertzeko interesak bultzauta.
Epaimahaiak adierazo dauen lez, Adarbakarra eta soinujolea proiektuak Eusko Ikaskuntzearen eta Laboral Kutxaren asmoari erantzuten deutso erabat, bereziki Gazte Sariaren helburuagaz lotura zuzena dau, hain zuzen be, humanidadeen, kulturearen eta arteen esparruan sormen-proiektuak sustatzeko xedeagaz, zentzurik zabalenean.
Proiektu irabazleak, 6.000 euroko laguntzinoa jaso dau eta 2025eko udabarrian taularatzea aurreikusten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!