Carlangas y Los Cubatas, 'Hirian' izango dira

Bizkaie! 2024-05-07 12:58   Musikea

BBK Live-k atonduta, jaialdiaren aurrerapen kontzertuak bagilaren 1ean izango dira Errekalden.

Carlangas y Los Cubatas. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hirian ekimenaren seigarren edizinoa Bilbora dator barriro, eta oraingoan uriko auzo berezienetako baten txandea izango da, izan be, Errekaldeko kaleetan izango dira zuzeneko kontzertuak bagilaren 1ean, zapatuan. Bilbao BBK Live jaialdian ohiko bihurtu dan aperitif urbanoak kulturea eta aniztasuna eroaten ditu urtero Bilboko auzoetara: Bilbo Zaharra, Deustu, Santutxu eta Basurturen ostean, Errekalderen txandea izango da.

Musikari garaikideak ikusi ahal izango doguz agertokian. Novedades Carminha taldeko lider izan zana proiektu barriagaz dator, Carlangas y Los Cubatas, disco eta rock estiloak hirurogeiko hamarkadako ikutuakaz buztartzen dituana. Dillom rapero argentinarrak disko kontzeptuala kaleratu barri dau eta, bertan ikusteko aukerea izango da. Alice Wonder abeslari eta konpositore madrildarra belaunaldi-aldaketearen adierazgarri bikaina da, eta heldutasun-maila nabarmena antzemoten jako abesti bakotxean. Putilatex taldeak Albaceteko elektro-punk taldetzat dauka bere burua; oholtzan hamarkada biko ibilbidea egin ostean, show ikusgarria eskainiko dabe. Garage-rock psikodelikoa egiten dauen Doctor Explosión taldea beti izan da deigarria eta, Julio Iglesiasen Soy un truhán, soy un señor abestiaren bersinoagaz mundu guztiak disfrutauko dau.

Hiru DJ batzen dituan Coolnenas proiektua, jantza-pista guztiak hankaz gora jarten ditu. Energiaz, askatasunez eta sedukzinoz betetako abestien eta ikuskizunen bitartez, Euskoprincessek star system propioa sortu dau. Ganera, rock euskaldun sendo eta barriena erongo dau Ezpalak taldeak.

Germán y La Alegría del Barrio proiektuan, Germán Carrascosa musikari nafarra ikusiko dogu. Frantziako hip-hop eta rap giroak inspirazino-iturri, diziplina bakotxeko elementuak hartu eta errimaz errima tartekatzen ditu Huda taldeak, errastua ixten dauen estilo personala. Madrildar gauetan erreferente bihurtu dan Juguete DJ be izango da Hirian. Maren artista bilbotarrak eta Mirua talde gipuzkoarrak be joko dabe zuzenean.

Pablo Und Destruktion Asturiasko musikaria, sortzaile harrigarria, beti da gomendagarria. Ruptura artista murtziarrak Natalia Lacunza edo Belén Aguileragaz egin ditu kolaborazinoak, pop edo dembow musikea buztartuz. $kyhook produktorea, Espainiako musika urbanoko soinurik onenak sortzeko kapaz dala dino Vice komunikabideak, beatez beat soinua lortu ostean.

Hirian ekimeneko egitaraua Errekalde auzoko kaleetara helduko da aurten, bagilaren 1ean, zapatuan, aire zabaleko emonaldietan, egunez eta doban. Halanda ze, BBK Live jaialdia garagarrilaren 11n, 12an eta 13an izango da Kobetamendin, eta eguneko sarrerak, bonuak eta kanpinerako txartelak salgai dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu