Andrea Valders Vigilek irabazi dau Juncal Ballestin nazinoarteko bekea

Bizkaie! 2024-05-07 07:40   Kulturea

Alina Szapocznikow-i buruzko proiektu bati esker jaso dau autortzea.

Juncal Ballestin. Erretratua: Alberto Arteta | Ikusi handiago | Argazki originala

Poloniako artistearen eta museoaren bildumako Itziar Okariz eta Ana Laura Aláez euskal sortzaileen jardunen arteko analisi konparatua aurkeztu dau Valdések.

Arte feministearen historiografiagaz eta museoaren bildumeagaz lotutako artistei buruzko ikerketa-proiektuak babesten ditu bekeak.

Artium Museoak atondutako Juncal Ballestín Nazinoarteko Ikerketa Bekearen epaimahaiak aho batez erabagi dau 2024ko deialdian saria Andrea Valdés Vigil ikertzailearen Alina Szapocznikow. Esculpir en cuenta atrás y hacia adelante izeneko proiektuari emotea. Poloniarraren ibilbidea Itziar Okariz eta Ana Laura Aláez artistenagaz (biak museoaren bilduman) lotuko dau lan horrek. Juncal Ballestín Nazinoarteko Bekea Artium Museoko Euskal Emakume Artisten, Praktika Artistikoen eta Arte Feministearen Teorien Ikerketa eta Dokumentazino Zentroari atxikita dago eta haren helburua arte feministearen historiografia jorratzen laguntzea da, bai Euskal Herrian, bai nazinoartean, eta museoaren programei eta bildumari lotutako artista eta pentsalarien produkzinoak ikertzea be.

Andrea Valdés Vigilek (Bartzelona, 1979) Alina Szapocznikow (Kalisz, Polonia, 1926 - Praz- Coutant, Frantzia, 1973) artistearen bizitzea eta obrea ikertzea proponiduten dau bere proiektuan. Ikerlariaren esanetan, artista honek sensualidadearen eta bihozbakokerien mugak, erotismoa eta gaixotasuna, objektuaren fetitxismoa eta formearen iragankortasuna aztertu zituan, bere gorputzetik eta oso hurreko personengandik abiatuta.

Valdésen proposamenak, lehenik eta behin, artistearen testuingurua aztertzen dau, Varsovia eta Paris arteko bizitzea, eta haren lanaren bilakaerea, sozialismo errealistearen kanonen monumentaltasunetik hasi eta surrealismoaren eta pop-art-aren sentiberatasunetik oso hur dagoan horretatik produkzino bateraino. Ondoren, Andrea Valdések «haren transizinoaren eta XX. mendeko 90eko hamarkadan euskal artearen kontakizun ofiziala eten eben emakumeen arteko azterketa konparatua dakar beste materialtasun batzuk hartu eta gorpuztasunera hurreratu baitziran, eskultura bigunak sortuz. Horretarako, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bilduman dagozan artista biren kasuak aztertuko ditu ikerlariak: Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ana Laura Aláez (Bilbo, 1964).

Andrea Valdés Vigil Zientzia Politikoetan (UPF) lizentziatua da eta idazkera autobiografikoetan, arte garaikidean eta feminismoan espezializautakoa. Saiakera bi idatzi ditu: Distraídos venceremos: usos y derivas en la escritura autobiográfica (Jekyll & Jill, 2019) eta El verbo inflamado, laster argitaratuko dana, izan be, Erromako Espainiar Akademiako (2022/2023) egonaldian amaitu eban.

Hainbat katalogo eta erakusketatan parte hartu dau, besteak veste, Dora García, Jordi Colomer, David Bestue eta Alex Reynolds artistakaz eta hainbat komunikabideren kolaboratzaile izan da, batzuk aipatzearren: El País, Contexto (CTXT), 2G arkitektura-aldizkaria eta El Estado Mental proiektua. Aitatzekoak dira emon dituan mintegi eta ikastaroak be (Bartzelonako Institut d' Humanitats, Eina, UAB edo Espai Crisi zentroetan).

Honako honeek dagoz Juncal Ballestín Nazinoarteko Bekearen balorazino-batzordean: Cristina Camara Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíako Bildumen Saileko Zinema eta Bideo Zerbitzuaren arduraduna; Chus Martínez Basileako (Suitza) FHNW Academy of Art and Design Arte Institutuko zuzendaria; Beatriz Herráez Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoaren zuzendaria; eta Elena Roseras Artium Museoko Dokumentazino Zentroaren arduraduna.

Euskal Herriko zein nazinoarteko testuinguruetan Arte feministearen historiografiari ekarpen garrantzitsuak egingo deutsezan eta museoaren eta bildumearen programazinoari lotutako emakume artista eta pentsalarien produkzinoa aztertuko daben ikerketa-proiektuak babestea da Juncal Ballestín Nazinoarteko Bekearen helburua. Sariaren zenbatekoa 7.000 eurokoa da. Edizio honetan 32 proposamenek beteten zituen deialdiaren baldintzak, 2023ko deialdian baino ehuneko berrogeita hamar gehiago.

Artium Museoko erakusketak

  • Patricia Dauder. Unform. 2024ko irailaren 29ra arte.
  • Ibon Aranberri. Entresaka. 2024ko irailaren 29ra arte.
  • Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000). Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bildumea.
  • edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizetako prozesuak, 1978-1991. 2024ko irailaren 1era arte.
  • Néstor Basterretxea. Artxiboa. Maiatzaren 10etik Aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu