'Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)' liburua argitaratu dabe

Bizkaie! 2024-05-06 13:08   Kulturea

Jon Urutxurtuk idatzi dau.

Bizkaiko Foru Aldundiak Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964) liburua argitaratu dau, Jon Urutxurtuk idatzia. Denporearen tunelean zehar egindako bidaia da, argazki eta testu ugariz hornitua, iraganari begiratzeko, eta gogorarazoteko nola lagundu eutsien garraiobide horrek 1902tik 1964ra bitartean egin izan eben ibilbideko herrietako bizilagunei.

Liburua Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenen dendan (Diputazino kalea, 7) dago salgai, baita hemen be.

Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)

Duela ehun eta hogei urte baino gehiago sortu zan Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia elektrikoa, Arratiako tranbia izenez ezaguna, eta 2024ko zemendiaren 30ean beteko da desagertu zan hirurogeigarren urteurrena.

Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia elektrikoaren historiak XIX. mendeko azken urteetara eroaten deusku; 1898. urte aldera, izan be, orduan emon eutson garai hartako Sustapen Ministerioak kontzesinoa Ángel Iturralderi, zerbitzua martxan jartzeko. Kontzesino hartan adierazoten zan tranbia lurrunez bultzauko zala, baina hori ez zan inoiz gauzatu.

Holan, lehen zatia, Lemoa eta Artea bitartekoa eta bederatzi kilometrokoa, 1899ko irailaren 2an inaugurau zan. Ordurako, Automóvil Vitoriana konpainiak Areatza eta Gasteiz lotzen zituan autobus-zerbitzua emoten eban, Barazar mendatean gora.

1902ko garagarrilaren 5ean, probak egiteko lehen tranbia elektrikoa heldu zan Durangora, eta, handik aste batzuetara, Lemoa eta Zeanuri bitarteko tartea elektrifikau eben. 1902ko abenduaren 7an, Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa egin zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu