Artolako lepoan miaketa arkeologikoak egingo ditu Aranzadik

Bizkaie! 2024-05-06 12:21   Kulturea

Maiatzaren 11n, goizeko 11:00etan, gorabehera guztien barri emongo dabe.

Abadiñoko lurretan, Urkiolako Parte Naturalaren mugetan, Artola lepoan (632.65m) egingo ditu Aranzadik miaketa arkeologikoak. Aztarnategi arkeologikorik eta metaketa arkeologikorik dagoan egiaztatzea, eta balegoz, bertan konserbau daitekezan egiturak dokumentau eta aztertzea izango da lanaren helburua.

Artolari buruzko lehenengo barriak Blas Taracenak eta Augusto Fernandez de Avilesek emon zituen, 1945ean. Eurak izan ziran lehenengoak bertan lan arkeologikoak egiten. Zeozelako egiturea identifikau eben, ezponda bat, eta ondorioz ingurunea kastro modura identifikau eben. Zundaketek emoitzarik izan ez aeben be, Artolaren identifikazinoa Burdin Aroko herri harresitu modura onartu zan orduan eta holan agertu zan 1984ko Javier Gorrochategui eta Maria Jose Yarrituren Carta Arqueologica de Vizcaya lanean.

1994an, barriz, Armando Llamosas eta Dona Gil arkeologoek kata bat egin Eben itxurako ezpondan eta horregaz betiko itxi zan albo batera Artola Burdin Aroko herri harresitu moduan identifiketea. Arkeologoek emondako arrazoia zan lurrez eginiko egiturea zala.

2014an, beste miaketa bat egin eban Aranzadik Pedro eta Mikel Argandoña anaiakaz batera. Beirazko lepo-ale bat, harrizko leuntzaile bat eta eskuz egindako zeramikak topau zituen. Beirazko lepo-alea II. Burdin Aroko kronologian kokatu zuten. Aranzadikoen ustez, okupazio mailakaz eta itxurako ezpondakaz, gitxieneko oinarria badago, barriro Artolan Burdin Aroko herri harresitua egon dagoala proponiduteko.

Proposamen hori egiaztatzeko egingo da katen bidezko jarduera arkeologikoa.

Kontuak kontu, landa-lana maiatzaren 11n egingo dabe Aranzadi Zientzia Alkarteko teknikariek, 15 personako boluntario talde baten laguntzeagaz. Lanak zer diren eta zelan egiten diran bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukerea egongo da interesa dabenentzako goizeko 11:00etan, Artolako lepoan bertan.

Artola lepora joateko ibiladia atondu dau Abadiñoko Alluitz Mendi Taldeak; horretarako, goizeko 10:00etan, Atxarteko Kristo Sainduaren ermitearen aurrean jarri dabe hitzordua. Deialdia parte hartu nahi dauen edonorentzat da eta ez da aurretik inon izenik emon behar.

Jarduereak Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren laguntzea izan dau, Urkiolako Parke Naturaleko Patronatuaren bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu