Txileko belaontzi tradizionala eregiten dabiz Pasaian

Bizkaie! 2024-05-06 11:00   Kulturea

Pasaia Itsas Festibala, maiatzaren 9,10 eta 11n .

Enara Novillok jakinarazo dauenez,111 baino gehiago dira gaur egun inskribiduta dagozan eta belaz zein arraunean nabegauko daben itsasontzien kopurua. Oraindino be izena emoteko epea zabalik dago neurri guztietako ontzientzat. Hitzordu erakargarrienetako bat maiatzaren 9an, arratsaldeko 18:00etan festibalari hasiera emongo deutson itsasontzien desfilea da.

Lehorrean, makina bat jarduera: itsasontzi handietara bisitak, jantzak, antzerkia, hitzaldiak, musikea, lanbide tradizionalak, gastronomia eta bestelakoak. Dagoeneko xehetasun guztiak konsulta daitekez hemen.

Ezin dot jarduera baten edo bestearen alde egin, baina ohorezko itsas kultura gonbidatuaren programazinoa azpimarratu nahiko neuke, Txile, eta horretaz gozetako aukerea izango dogu Albaola Itsas Kultur Faktorian eraikuntza prozesuan dagoan ontziaren bidez. Bide batez, Txileko Ondareari Buruzko Zerbitzu Nazionalari eskerrak emon nahiko neuskio.

Ondoren, Teo Alberro Pasaiako alkate eta Pasaia Itsas Festibalaren presidenteak ondokoa nabarmendu dau: zeozer nabarmentzekotan, lankidetzea eta parte-hartze zabala aitatuko neukez. Parte-hartzaile pasaitarrak, inguruko beste asko, internazionalak, barriak, eta hasiera-hasieratik jaialdi honetan parte hartzen dabenak. Eskerrik asko aurreko ehunka egunetan lau egunetan batutako jaialdi hau errealidade bihurtzeko lanean ibilitako guztioi: alkarteak, atontzaileak, laguntzaileak... Eskerrik asko hondar ale bakotxeko. Zati eta ekarpen horreek guztiek aurrera egiteko aukerea emon deuskue. Itsas jaialdi hau zati guztien baturea baino askoz gehiago da.

Jarraian, Hugo Almonacid Txileko ontzigile tradizionalaren txandea heldu da. Txile da itsas festibalaren edizio honetako ohorezko itsas kultura gonbidatua eta ha da ordezkarietako bat. Martiaren 26an heldu ziran arotzak Pasaiara, Albaola Itsas Kultur Faktorian Txileko ontzi tradizional bat eregitekoo helburuagaz. Ontzi horri “velera chilota” be deitzen jako eta festibalean bertan uretaratuko da, izan be, holan azaldu dau Almonacidek: “Lehenik eta behin, eskerrak emon Albaolari, Festibalari, Txileko Ondareari Buruzko Zerbitzu Nazionalari eta hau posible egiten daben agintari guztiei, Txileko kultur ondarearen zati bat munduan hain parebakoa dan erakusleihoan erakusteko aukerea emoteagaitik.

Aitak eta biok 9 egun daroaguz Txileko belaontzi tradizional bat eregiten, Chiloé ugartegiko ontzi tipikoa, baina egokitu egin dogu nabegazino erakargarria lortzeko. Ontzi honek salgaiak garraiatzeko ontzi tradizional baten oinarriari eusten deutso, nabegetea maitatzen daben personen interesari eutsi eta, egungo zuntzezko ontziak beste dirala erakusteko. Horixe da nire helburua, itsas injineru eta nire jaioterriko, Calbucoko, ontzigile tradizionalen laugarren belaunaldiaren ordezkari legez. Aita eta biok belaontzi hau eregiten ibiliko gara Albaolako bisitarien aurrean eta festibalean zehar uretaratuko dogu, maiatzaren 10ean, 19:00retan, Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Bisitari guztiek geure kulturearen erakusketa honetaz gozau ahal izatea nahi dot, eraikuntza honetaz gan, hitzaldiak, gastronomia, musikea eta askoz gehiago eskainiko baitira.

Jenteak espero dauen beste atal bat musika-programazinoarena eta kale-animazioarena da eta Oninart enpresako proiektu-buru dan Imanol Perotxenak aurkeztu dau: Argi izan dugu itsasoan jazoten danaren osogarri izan behar ebala; horregaitik, kontzertuei jagokienez, hainbat aldagai aztertu dira, besteak beste, tokikoa erakustea, nazinoarteko proiekzinoa, bisitarien profila (lehorretik datozenak eta festibalean itsasontziakaz parte hartzen dabenak), herrialde gonbidatua (Txile) eta itsasoagaz zerikusia daben herrialdeetako artistak.

Aurtengo kartelburu legez, Ana Tijoux artista franko-txiletarra dogu, Latin Grammy bat eta beste sari batzuk irabazteaz gan, hainbat hedabideren arabera, garai guztietako rap abeslari onena da.

Goizane Álvarez, Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputadua, prentsaurrekora joaterik izan ez badau be, bere mezua helarazo dau: jaialdi honek behin eta barriro erakutsi dau posible dala ikusleen interesa eta jakin mina piztea itsasoari lotutako kulturearen eta tradizinoaren airrean. Harro gagoz gure itsas-sustraiak ospatzen dituan eta gure ondarearen konserbazinoa eta zabalkundea sustatzen dituan ekitaldi baten parte garelako. Guztiontzako hezkuntza eta kultura-esperientzia bat izango da. Gure sustraiakaz konektetako eta itsasoak gure bizitzetan dauen garrantziaz ikasteko aukera bat izango da.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu