Gaur ehun urte jaio zan Nestor Basterretxea
2024-05-06 07:45 KultureaArtearen unibersaltasunari euskalduntasunetik ekitea zan bermeotarraren helburua.
Ehun urte dira gaur Nestor Basterretxea jaio zala, Bermeon, eta 2014ko garagarrilaren 12an hil zan, Hondarribian, 90 urte zituala. Ibilbide horretan, pinturea, eskulturea, ilustrazinoa, industria-diseinua, mitologia, zinemea, arkitekturea lako arloetan sortzaile handia izan zan bermeotarra eta, besteak beste, Arantzazuko kriptako muralak, Eusko Legebiltzarraren ikurra, Bai Euskarari kanpaina historikoaren logotipoa eta Equipo 57 eta Gaur talde artistikoen sorreran be zeresana izan eban. Eskulturan egindako lanak ahaztu barik, Ama Lur filma be basterretxeak egin eban.
1952an, Buenos Airesetik bueltan, Arantzazuko Basilikako kriptako muralak egiteko hautatu eben Basterretxea. Urtebeteko lanaren ondoren, santutegiko dekorazinoa geldiarazo eben 1954an, Donostiako Gotzaintzearen eta Erromako agintarien aginduz eta, azkenean, 1985ean amaitu zituan lanok Basterretxeak.
Zinemagintzeari jagokonez, 1966an, Ama Lur pelikula filmau eban, euskalduntasunaren gaineko begirada aberatsa, Euskal Herriaren eta bertoko herritarren erretratua. Donostiako 1968ko Zinemaldian erakutsi eben lehenengoz.
Eskultura ederrak be sortu zituan 1972 eta 1975. urteen artean, 18 eskultura dira, 17 haretx-egurrezkoak eta bat brontzezkoa. Bilboko arte Ederren Museoan jarri zituen eskulturak ikusgai lehenengoz.
Euskal herritartasuna gorpuzteko saiakera horretan, 1982an idea lehiaketa bat irabazi eta Basterretxeak irudiz jantzi eban Eusko Legebiltzarra: Izaro eskulturea, hainzuzen be, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parlamentuaren ikurra, egurrezko metro biko alea, zazpi adarreko zugatza, adar bakotxa euskal lurralde historiko bakotxari jagokolasrik.
Obra publikoetan, Donostiako Bakearen Usoa (1988) zein artistearen jaioterrian ikusgai dagozan Olatua (2006) eta Matxitxakoko Guda (2007) be. Euskal artzainen omenezko monumentu nazionala (1989) be ezaguna da, XX. mende hasieran batez be artzain jardutera Ameriketara joan ziran euskal herritaren omenez Renon (Nevada, AEB) ezarritako obrea.
Arkitekturearen arloan, bermeotarrak altzarien disinuan makinatxu bat lan sortu zituan. 1950eko hamarkadearen amaieran, euskal diseinu industrialaren aitzindari izan zan Basterretxea. Orduan egin zituan H Muebles madrildar enpresarentzako altzariak eta logotipoa nahiz barruko dekorazinoko proiektuak. Arlo horretan egindako lanaren erakusgarri da zinemarako egin eban lehen obrea, Operación H (1963) film esperimentala, Oteizaren idea batean oinarrituta Juan Huarte industrialari eta mezenasarentzat egina. Hurrengo hamarkadan, Biok etxea sortu eban Irunen beste zenbait bazkidegaz batera eta prototipo ugari asmatu zituen altzari modernoak lantzen zituan etxe harentzat. Pieza ikurrak dira 1961eko xakea, 1967ko Bermeo idazmahaia, eta Kurpilla saileko aulkiak edo Sua argimutilak, 1968koak.
Kontuak kontu, Bermeon bertan, Néstor Basterretxea 100 urte izenburupean, erakusketa batek artistearen lan argitarabakoak erakutsiko ditu, Basterretxeak berak lagunei oparitutako piezak, maiatzaren 12ra arte jentaurrean lehen aldiz ikusi ahal izango diranak.
Esangura horretan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Nestor Basterretxea biziteko diseinetea berbaldia eskainiko dau Guillermo Zuaznabar diseinu eta arkitektura kontserbatzaileak. Hitzordua maiatzaren 7an, arratsaldeko 19:00retan.
Azken buruan, Peio Aguirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula komisarioek maiatzaren 6ra arte zabalik egongo dan erakusketea atondu dabe Bilboko Arte Ederren Museorako, arkitektura-proiektuen collageak, diseinu industrialeko piezak, altzariak, Irunen Oteiza eta Valletegaz batera proiektautako lantegi-etxearen memoria dokumentala, papelean egindako izakera utopikoko bolumetria arkitektonikoak, arkitektura eta urigintzako maketak, argazkilaritzako dokumentazinoa eta bestelakoak batuta.
Gogoan izan Néstor Basterretxea, Diseinua eta arkitektura erakusketea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik Bilboko Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!