Getxo Eszena Kalean programea, martxan

Bizkaie! 2024-05-03 10:27   Kulturea

Guztira, 16 ikuskizun atondu ditue.

Asteburuan hasiko da Getxo Eszena Kalean, arte eszenikoak kalera eroango dituan Kultur Etxearen programea. Edade guztietako publikoari zuzenduta, ekimenaren lehen edizinoaren egitarauak 16 ikuskizun hartuko ditu Areetako Geltokia plazan, euskal konpainien eskutik.

Antzerkia, jantzea, zirkua, clowna eta musikea lako modalidade eszenikoak izango dira, baita diziplina anitzeko sorkuntzak be. Lan guztiak 18:30ean antzeztuko dira, maiatzaren 4an eta bagilaren 15ean izan ezik, horreetan 21:00etan egingo baitira. Sartzea doban izango da eta, eguraldi txarra izan ezkero, Romo Ikastetxean egingo dira ikuskizunak.

Maite Guevara konpainiak edegiko dau proposamena, maiatzaren 4an, Susto lanagaz. Testurik bako zirku eta clown lan dibertigarria, bildurrezko atrakzinoan lan egiten dauen artista talde batean oinarrituta. Hurrengo astean, Agurea, urpekaria eta itsasoa (maiatzaren 11n) Hortzmuga Teatroaren euskerazko antzezlanaren txandea izango da. Ozeanoetako isurketak eta sare sozialetan gazteen gehiegizko erakusketea lako gaiak jorratzen ditu.

Maiatzeko bigarren hamabostaldian Dale, Ramón! (maiatzak 18) eta Sokairera, bidaia (hilak 25) izango dira. Lehenengoan, Trapu zaharrak taldeak enpresa baten produktu barritzailea sustatzeko lehiaketea proponiduten dau: bost izarreko bunkerra. Bigarrenean, barriz, Sokaire biolinista laukoteak, barrokotik hasi eta gaur egun arte, musika tresna akustiko eta elektrikoen eta umorearen eskutik, ikuskizun musikala aurkeztuko dabe.

Bagileko programazinoa

Bagilean, bost ikuskizun eskainiko dira. Zirkozaurre konpainiak edegiko dau hila Harreman ikuskizunagaz (hilak 1), zirkua eta musika tradizionala batzen dituan testurik bako emonaldian. Astebete geroago Welcome & Sorry (hilak 8) izango da Getxon, testurik bako muntaia zoroa, Ganso & Ciaren eskutik. Hilaren 15ean, Qabalum Kolektiboak La medida que nos ha de dividir aurkeztuko dau. Jantza piezak, kezkea, ilusinoa eta emozinoak eragiten deuskun gaiei buruzko hausnarketea planteetan dau.

Ondoren, 22an, Adabaki, Bapatean Zirkoa konpainiaren testurik bako clown ikuskizuna izango da. Pailazo bikote protagonistak publikoari edozein egoera baikortasunez gainditzeko gaitasuna erakutsiko deutse. Azkenik, bagilaren 29an itxiko da Nao-Now-Nau, zirku eta clown muntaia, itsasoa ahaztu barik egunerokotasunagaz jarraitu nahi ez daben arrantzale erretiratuen bizitzea.

Garagarrila eta urria

Garagarrileko proposamena hilaren 13an hasiko da Ondoloin eta Arnas Txiki Organik-en jantza lanakaz. Lehenengoan, amesen mundura sartzen gaitu, eta bigarrenean, arnasketak eragiten dituan sentipenen bidaia proponiduten dau; azken horretan, aniztasun funtzionala daben personakaz lan egin dau konpainiak. Hilaren 20an, Ipurbeltz euskerazko antzezlanak personen arteko alkar ulertzearen aldeko apustua egiten dau, antzerkiaren, olgetearen eta zirkuko tekniken bitartez. Bagilaren 27an, Bea Larrañagak Bonba bat naiz clown eta antzerki ikuskizuna egingo dau.

Urriaren 5ean, Aukeran konpainiak Aiurri jantzea emonaldia eskainiko dau. Urriaren 12an, barriz, La kermés del vermú antzezlanaren txandea izango da. Antzerki eta musika emonaldia Gorakada Teatroren eskutik. Hilaren 19an, niMú konpainiak hartuko dau lekukoa, Pausa zirku eta clown lanagaz. Azkenik, Getxo Eszena Kalean Lanean 75 urte bete arte antzezlanagaz amaituko da; Barsanti konpainiaren antzezlanak, populismoei eta erretiro-adinaren luzapenaren inguruko ikuspuntuei buruzko hausnarketea egitera konbidatzen gaitu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu