Errotarik Errota, maiatzaren 5ean, Zeanurin

Bizkaie! 2024-04-30 10:40   Pil-pilean

Umeakaz eta familian egiteko aproposa da Zeanuriko Erroten XVII. Ibilaldia.

Ibiltariak Errotabarriko errotearen instalazinoak bisitetan. | Ikusi handiago | Argazki originala


Pedro Elexpe Ibargutxiko errotan lanean.


 Olabarriko errotearen barrualdea.


Olabarriko errotako anteparan lanean.

2024ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia maitzaren 5erako atondu dau Joko Alai Alkarteak. Aurten oinezko martxa honek hamazazpigarrren edizinoa beteko dau. Atontzaileek adierazo dabenez helburuak hasierakoak: “herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea eta domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskaintzea”. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak.

Ibilbidean zehar zazpiren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe. Aurreko urteetako ibilbideagaz alderatuz, aurtengoan aldaketak egin ditue atontzaileek: “kontuan hartuz ibilaldi hau familian eta umeakaz egiteko aproposa dala, 4 kilometro laburtu ditugu, holan errotak eta instalazinoak lasaitasunez eta prisa barik ikusteko aukerea emonez”.

Ibilbide bi izango dira: bata luzea, 14 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 7 kilometrokoa, umeentzako edo ondo preparauta ez dagozanentzako egokitua, jan-edana emongo dan lekutik helmugara zuzentzen dana. Gainera hemendik be bisitetan diran errota bitan sartzeko aukerea izango dabe: Errotabarrira —helmugara bidean— eta Olabarrira, azken hau helmugatik 300 bat metrora dago eta.

Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; udaletxearen aurretik abiatuz lehenengo Altzibergo errotearen ondotik igaroko dira ibiltariak eta 500 metro aurrerago Errotabarrira helduko dira: hemen sartu-urtena egiteko eta errotea martxan ikusteko aukerea eukiko dabe.

Jarraian Undurragako urtegiaren ertzetik egingo dabe aurrera. Urtegia atzean itxi bezain laster Ibargutxiko errotarako bidea hartuko dabe; hemen, ateak zabalik izango dira eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko da. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak,
eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira. Helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa—Pujana familiak guztiz zaharbarritua— eta sartu-urtena egiteko aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.

Ibilbidea 14 kilometro ingurukoa da baina seguru hitzorduari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen dauan koloreen eta usainen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.

Sartu-urtena egiteko hiru errotak: Errortabarri, Ibargutxi eta Olabarri

Ibilbidean zehar zazpi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko, eta osotzen daben atalak bertatik bertara ezagutzeko aukerea izango dabe.

Errotabarriko errotea: Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presea eta anteparea lotuta dagoz konporta baten bidez.

Zeanuriko ganerako errotetatik bereiztuz, Errotabarrin errotapetik kaltze bat ataraten da, urak errekara bideratzeko. 1975eko apirilean itxi eutson lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa “Ane” izan zan. 2015ean guztiz zaharbarritu eban Errotabarri Manterola familiak.

Ibargutxiko errotea: Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantz itxi eutson lan egiteari. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizidadea. Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz. Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan, eta bere heriotzearen ostean, urte batzuetan, Satur semeak jarraitu eban ingurukoentzat ehoten. 2019an Pedro Elexpek erosi eban errotea eta
bera da gaur egungo jaubea.

Olabarriko errotea: Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jaubetzea. Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte.

XX. mendearen erdirantz Benigno Pujanak—Isidroren semeak— errotea erosi egin eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urriaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ondoren, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanei heldu eutsen.

Olabarriko erroteak hiru harri ditu. Errotearen ondoan burdinolaren arrastoak azaltzen dira.

Erabilitako balantzea be errotan gordeten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu