Amaia Apalauza Ollok irabazi dau 2024ko (H)ilbeltza bekea, Núria Cadenesen 'Guillem' euskeratzeko

Bizkaie! 2024-05-03 07:40   Kulturea

Bekearen helburua da euskerazko nobela baltza sustatzea da.

Baztanek aspalditik dau euskal nobela baltzagaz loturea, izan be, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziran lehendabiziko euskal nobela baltzak. Euskal Nobela Baltzaren astearen harian sortu zan bekea. Beraz, esan daiteke Baztan euskerazko nobela baltzaren erreferentziazko eskualdea dala.

Lehen edizinotik, 2019an, eleberri baltz honeek argitaratu dira bekeari esker: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak; Patricia Highsmith estadubatuarraren Lardaska, Josu Barambonesek euskeratua; Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu; Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak, Beñat Irastorzak euskeratua; eta igaz irabazi eban Joxan Oizen egitasmoa, dana onbidean 2025eko (H)ilbeltza ekimenaren barruan aurkeztuko dabena.

Bekearen antolatzaileak: Baztango Udala; (H)ilbeltza alkartea; eta Txalaparta argitaletxea.

Aurkeztutako egitasmo kopurua: VIII. (H)ilbeltza bekara 10 lagin aurkeztu dira.

Epaimahaia: Fernando Anbustegi, Baztango alkatea; Beñat Irastorza, aurreko irabazlea eta (H)ilbeltza alkarteko ordezkaria; eta Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkaria.

Epaimahaikideei Katalanezko testuaren erritmoa euskeraz zelan gorde dauen bereziki aitagarria begitandu jakee, horretarako joskerea zaindu baitau eta euskerearen baliabide ugariak erabili baititu, testuari jario handia eta aberastasuna emonez.

Saria: Lagin irabazleari 3.000€ emongo jakoz orain eta beste 3.000€ lana amaitukeran.

Argitalpena: 2025eko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak eta 2026ko urtarrilean, ilbeltzean aurkeztuko dabe lana (H)ilbeltza ekimenean.

Amaia Apalauza Ollo (Iruñea, 1979)

Euskal Filologia ikasi eta Nafarroako euskereari buruzko doktore-tesia aurkeztu eban 2011n. Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da egun eta EIZIEko zuzendaritza-taldeko kidea. 2015. urtean argitaratu eban lehen literatura-itzulpena, Literatura Unibersala bilduman: Sergei Dovlatoven Maleta ipuin-liburua. Ordutik hainbat liburu euskeratu ditu, eta katalana dau lan-hizkuntzetako bat. Liburu bi itzuli ditu katalanetik: Irene Pujadasen Puskak (Igela, 2022) eta Montserrat Roigen Gerezi-denbora (consonni, 2024).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu