Frankismoan Abadiñon izandako Auxilio Social barnetegia ikertu dau Marta Calvok
2024-04-26 12:23 KultureaGazte Ikerlarien Sariketea irabazi dau.
Gerediaga Alkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartearen jagoletzea, ikerketea eta zabalpenagazko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburugaz sortu eban orain urte bi Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria.
Kategoria bitan atondu da hirugarren deialdia: 18 urtera artekoen kategorian ez da saririk emon, ez dalako lanik aurkeztu eta 19-35 urte bitartekoen artean irabazleak 1000 euroko saria jasoko dau. Danetara, 5 lan aurkeztu dira.
Epaimahaiak Gaiaren originaltasuna, egindako ikerketa lana eta iturri anitzen erabilerea azpimarratu ditu: Lan osoa da eta ondo egituratua dago. Marko teorikoaren lurreratze egokia egiten du, testuinguru zabal batetik hasita Abadiñoko errealitatera ekarrita. Horrez gain, frankismoaren beste aurpegi bat erakusten du, orain arte, horren ezaguna izan ez dena.
Epaimahaia, Iruri Altzerreka Martinez (zuzenbidea), Helene Sanchez Zelaia (bioteknologia) eta Ainhoa Zabarte Narbaiza (kazetaritza) gazteek osotu dabe.
Lan irabazlea: Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren ongintza sistemaren hastapenetan (Marta Calvo Larralde) 34 urteko ikerlari gazte durangarrak eskuratu dau Ikerlari Gazteen Sari nagusia, 1000 euro.
Horrezaz gan, udagoienean argitaratuko dan Astola aldizkariaren 18. zenbakian lanaren laburpen bat argitaratuko dau Gerediaga Alkarteak.
Marta Calvo Larraldek Gizarte Langintza ikasketak egin zituan eta Partaidetza eta Komunidade-Garapenerako masterra egin ebanzuen. Hiru urtez Guatemalan ume eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko proiektuak kudeatzen ibili zan. Handik bueltan, Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egin eban. Gaur egun, Gizarte, Politika eta Kultura doktoretzea egiten dabil. Euskadiko ume eta nerabeen babes sistemea ikertzen dabil doktoretzan. Babes sistemearen historia arakatzen, Abadiñon falangistek sortutako egoitzea izan zala deskubridu eban Sancho El Sabio Fundazinoko artxiboan. Horrek emon eutson Gerediaga Alkarteak atontzen eban sariketara aurkezteko idea.
Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña, Frankismoaren lehenengo hamarkadetan martxan jarri ziran Auxilio Social edo Gizarte Laguntza barnetegietan lehenengoetakoa izan zan. Hamar bat urte egon zan zabalik gaur egun Zelaietako hotela modura ezagutzen dan eraikinean eta 3 eta 7 urteko 65 bat ume egon ziran bertan aldi berean. Ustezko ume abandonatuak ziran edota egoera soziopolitikoek erangindakoak. Esaterako, gurasoen ideologiek bortxazko banaketa ugari eragin zituen. Sección Femeninako emakumeak arduratzen ziran jagoteaz eleiza katolikoaren aholkuei jarraituta.
Sari-banaketa eta Durangoko Astronomia Gela Durangaldeko Ikerlari Gazteen sari-banaketea Durangon izango da, Oktogonoan (Intxaurrondo auzoan), maiatzaren 3an, arratsaldeko 19:00retan. Sariak emon ondoren, Durangoko Astronomia Gelea ezagutzeko aukerea izango da, Izarra Astronomia Alkarteak emono dauen berbaldi laburrari esker. Berbaldiagaz batera, astronomia gelea eta teleskopioa ikusteko aukerea be egongo dira.
Joaquin Rueda irakaslearen ekinbidez, 80ko hamarkadearen hasieran behatoki astronomikoa eregi eben Intxaurrondoko eskolan. Udalak ipinitako diruari esker hasi eban bidea eta denporeagaz hainbat materialez horniduten joan zan. Durangoko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak joaten ziran bertara, eta gerora bisitarien jatorria ugaltzen joan zan. Astronomiaren zaleakaz batera Izarra alkartea be jaio zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!