Francisco Ruiz de Infanteren proiektu artistikoa Bilboko Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2024-04-26 10:10   Kulturea

Jamás-Jamás proiektuko ikerketa-tresnak testuinguruan kokatzeko tailerra eskainiko dau.



Francisco Ruiz de Infantek bere formatu anitzeko proiektuaren bigarren faseari ekingo deutso Azkuna Zentroan. Ruiz de Infantek martian ekin eutson bere egoitzeari eta ordutik J.M. Barrie-ren Peter Pan-en (1911) irakurketa lotsabakoaren ondoren sortutako berba, irudi eta galderetatik abiatuta asmautako eta berrasmautako proiektu plastiko, ikus-entzunezko eta performatiboa lantzen jarraitu dau.

Fase honen lehenengo jarduerak apirilaren 26 eta 27an izango dira. Haur galduak// Hasieran aditza izan zan (ahotsak, usainak eta dardarak) izenburupuean, hegaldi-simulagailua ziklo honetan, Ruiz de Infantek Jamás-Jamás proiekturako apliketan eta asmetan dabizen ikerketa-tresnak bateratzen, aktibetan, konpartiduten eta testuingurura barriro bueltetan ditu, gorputzetik eta haren memoriatik, haren presentzia eta mobimentutik ekinez.

Ziklo barri bakotxean hiztegiak eta lan metodoak dira eremu dibersifikatuetan buztartzen: jantzea, bideoa, performancea, literaturea, instalazinoa eta soinua. Sorkuntza tailer honetan, Nicolas Brunelle, Étienne Fanteguzzi eta Matthieu Fuentesek (distantzian) parte hartuko dabe Ruiz de Infantegaz batera.

Egun batzuk geroago, maiatzaren 2an, artisteak Crash-test // Contratiempos y daños colaterales egingo dau, Jamás-Jamás proiektuaren puzzlea osotzen jarraitzeko aukerea emoten dauen bigarren hegaldi edo performancea; bertan, Nicolas Brunellek, Étienne Fanteguzzik eta Matthieu Fuentesek (urrutitik) parte hartuko daben hegaldi honetan, tailerreko parte-hartzaileen laguntzeagaz. Holan, artisteak eta CIA Hors Champ/Fuera de Campok gaua arakatuko dabe.

Maiatzeko emonaldiaren ondoren, artisteak uharte/instalazino barri bat inaugurauko dau BAT Espazioan, Replay// Play// Replay izenburupean. Erakusketa-ibilbide horreek osotzen dituen ikus-entzunezko instalazinoek, argazki-serieek, testuek eta marrazkiek bisitariaren presentzia hartzen dabe kontuan (haren gorputza, mobimentuak, memoria...).

Kontuak kontu, ikus-entzunezkoen sortzailea, filmen errealizadorea, zuzendari eszenikoa eta performerra da Francisco Ruiz Infante, sustrai plastikoak dituana. Formatuz kanpoko artistatzat dau bere burua, astintzaile, deformatzaile eta testuinguru-sortzailetzat. Haren lanean irudiak, testuak, soinuak eta objektuak buztartzen ditu, multimedia-instalazino bereziak egiteko. Horreek ikus-entzunezko teknologia aurreratua txertatzen dabe zakar landutako materialen barruan (eta alderantziz) eta, aldi berean, sensibilidade poetiko arina emoten deutse kritikoa dan kontzeptu-esparru bati.

2017tik dabil Políptico de las operaciones (Jamás-Jamás 2024 // aventuras peligrosas para un Aquí y un Ahora) proiektuan lanean eta Bartzelona, Madril, Mallorca, Santander, Hangzhou, París, Estrasburgo, Bouxwiller eta Montpellierreko espazio artistikoetan ikusi da. 2024ko martitik bagilera, Azkuna Zentroan izango dau jarraipena, uharteak (erakusketakoak), hegaldiak (performatiboak), hegaldi-simulagailuak (tailerrak) eta lurreratzearen aztarnak (fikzinoko dokumentazinoa) barrubatuko dituen aldi bitan.

Ekintza horreen bidez, Ruiz de Infantek esperientzia espazialak, soinuzkoak eta bisualak proponiduten ditu eta horreetan, Barrieren Peter Pan lanari darion energia anbiguoak erabat jarten dau dudan memoria indibidual eta kolektiboa. Gizarte baten metaforea da (gure gizartearena), abiadura esponentzialetan abiatu arren, ez baitaki non lurreratu, ezta benetan lurreratu nahi dauen be.

Pilotu guztiek, abioiaren kabinako leku sekretu batean, Behin-behineko eremuak izeneko lurraldeen mapa handi bat dabe; azken batean, kartografia bat eta, bertan markauta dagoz haran, errepide, futbol-zelai, glaziar edo hondartza batzuk, hau da, makinak behar bezela hegan egiten ez badau, istripu larritik iges egiteko egon daitekezan lekuak. Lekuen plano bat, nahitaezko lurreratze bat egin behar danerako. Duda barik, bizi garen munduan, holako mapak ondo baino hobeto aztertuta egon beharko litzatekez, dino artisteak.

Francisco Ruiz de Infante

Francisco Ruiz Infante (Vitoria-Gasteiz, 1966) Estrasburgo eta Auberive (Frantzia) artean bizi eta lan egiten dau. 1999tik, Haute École des Arts du Rhin-eko (Estrasburgo) Arte Fuera de Formato – Artes del Tiempo ikerketa-taldeko koordinatzailea da.

Arlo plastikoan proiektu garrantzitsuak erakutsi ditu hainbat erakundetan: Parisko Arte Modernoaren Museoa, Madrilgo MNCARS Museo Reina Sofía, Bilboko Guggenheim Museoa, Genevako Maison de l 'Image, Houstongo Blaffler Gallery, Karlshureko ZKM, Bonneko Kunst-Halle, Mexikoko Carrillo Gil Museoa, Lleidako Centro de Arte La Panera edo Bartzelonako Metrónom aretoa.

2008an, errealizazino artistikoen ziklo bati ekin eutson, BlueSky ekosistemak izenekoari, eta erakusketa, film eta argitalpen-ekoizpenetan gauzatzen dabil, hainbat testuingurutan: Argentinan (Buenos Airesko Fundación Telefónica espazioa), Frantzian (Atheneum de Dijon – Galerie Fernand Léger, Ivry-Sur-Seine/Grand Paris), Espainian (Arabako Artium – Galería Elba Benítez, Madril – Fundación Botín, Santander). Serie honen barruan egindako bideoen artean HolyBilis (2013), B.S.o. D. -Training attitude- (2009) eta bere azken lana, Campos Eventuales (2018-20).

Haren film-ekoizpen luzearen barruan, Los Lobos (1995) film luzea eta Las Cosas Simples (prix découverte Montrealgo 1993ko Festival du Nouveau Cinéma jaialdian) film laburra be garrantzitsuak dira.

Ruiz de Infanteren ustez, sorkuntzearen ekintza, zeozer jazo daiten makinea mobiduteko ekintzea, ez da mugatzen egonkortutako espazioetan jarten diran objektu, ekintza eta denpora egonkorrak egitera. Antzemoten dau arteetan (eta bizitzetan) gitxi gorabehera lurpekoak diran korronteek (sareek, konplizidadeek, guduek, estrategiek, denporek, akatsek eta asmakuntzek) bide emoten dabe energiak existiduteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu