Bonbardaketatik 87 urtera, Gernikako sarraskia gogoan dabe Diasporan

Bizkaie! 2024-04-26 07:50   Kulturea

Apirilaren 26an 87 urte beteko dira Bonbardaketea egin ebenetik.

Argentinan egindako muralak Gernikaren omenez: Tres Arroyos, Chascomús, Viedma eta Arrecifes herrietan (euskalkultura.eus). | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernikako herritarren eta uribilduaren kontra 1937ko apirilaren 26an egindako aire eraso eta sarraskia markauta dagoan eguna da euskaldun askoren egutegietan Euskal Herrian zein bere diasporan. Bariku honetan (apirilak 26) 87 urte beteko dira Bonbardaketea egin ebenetik eta munduko hainbat Euskal Etxe dabiz gogoratzen hitzordu baltza. Ekitaldien artean izango dira Gernikako Arboleak munduan dituan kimuen inguruan egingo diranak jazotakoa berbagai, Picassoren Guernica islatzen daben muralen aurrean egindako oroimen-ekitaldiak, ohorezko aurresku eta euskal jantzak, edota zinema eta antzezpenak, bakearen aldeko gogoetea bultzatuz. Urteurrenagaz bat eginez, Argentinan deitutakoak nabarmenduko ditugu.

Egunari aurrea hartuz, bezperan, apirilaren 25ean, eguenean, Patagoniako Viedma eta Carmen de Patagonesko Aberri Etxeak Gernika filma eskaini eban, doban.

Urteurrenaren egun berean, apirilaren 26an, Tandilgo Gure Etxeak, bere ohiko gomuta ekitaldia egingo dau Euskal Etxearen aurreko M. Rodríguez Plazan dagoan Gernikako Arbolearen kimuaren ondoan, 17:30ean. Aurreskua jantzan egin lore eskaintzea be egingo dabe; horrezaz gan, Tandilgo Euskal Etxeko presidente ohi eta gernikar baten alabea dan Cecilia Lejarreta bertaratutakoei zuzenduko jake.

Buenos Airesen, barriz, Euskaltzaleak Alkarteak Koldo Serraren Gernika filma proiektauko dau bere egoitzan, doban.

Lapridako Lagunen Etxean, Eduardo Torry presidenteak egingo dau efemeridearen inguruko berbaldia, Euskal Etxeko Mus Txapelketea hasi aurretik.

Mar de Platan, Denak Bat Euskal Etxeak, Arturo Illia Ikastetxe Nazionalean egingo dan ekitaldian hartuko dau parte. Gogoratu igaz, Gernikako Arbolearen kimu bat landatu ebela. Zuzendariak eta irakasle zein ikasle taldeak izango dira partaide Euskal Etxeko jantzari, bazkide eta lagunakaz batera.

Apirilaren 27an, zapatuan, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak, urteroko omenaldia egingo jake biktimei, hazten dagoan Gernikako Arbolaren kimua lekuko dala. Etxeko jantzariek aurreskua eskainiko dabe eta Josi Landa bazkideak berba batzuk esango deutsee bertaratutakoei, lore eskaintza eginez arbolearen magalean. Hitzordua 18:30ean da.

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak hitzordu negargarria gogoratzeko topaketea egingo dau 19:30ean, ohorezko aurreskua lagun eta publikoari edegitako klase labur bategaz, igaz inaugurautako Picassoren Guernica-ren kopia dan muralaren ondoan. Jarraian, Guernica, mi primer pantalón largo antzezlana taularatuko dau Euskal Etxeko Bat Etorri Antzerki Taldeak, 35 aktore protagonista dituan kontakizun autobiografikoa oinarri dauen obran.

General Belgranoko Gure Etxeak 16:00etan egingo dau ekitaldia, Banderen Monumentuaren ondoan, izan be, Tandilgo Euskal Etxeak emandako Gernikako Arbolaren kimua landatuko dabe eta Gral. Belgrano herriari oparitu. Ekitaldi berean, euskal jantzen erakustaldia eta klase edegia izango dira jentaurrean, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-eko jantzariak partaide.

Cordoba urian, barriz, bertako Gerora Euskal Kultura Elkarteak gonbita zabaldu deutse herritarrei apirilaren 30ean, martitzenean, Cordobako Unibersidade Nazionaleko Letren Fakultadeko B Entzutegira batu daitezan Gernikako Bondardaketea gogora ekarriko dauen ekitaldian parte hartzearren, sarraskia ardatz hartu eta gogoratzeagaz batera bakea hausnargai hartu eta batu gaitezan beste behin euskal herritarren eta mundu guztiaren Giza Eskubideak eta Eskubide Historikoen defendidutearen aldeko konpromisoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu