Pedro Miguel Etxenike 'Honoris Causa' izentau dabe
2024-04-26 09:01 KultureaPedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidentea eta Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) katedradun emeritua Honoris Causa doktore izentau dabe Madrilgo Unibersidade Autonomoan egindako ekitaldian. 1968an sortu ebenetik, UAM erreferente bihurtu da mundu osoan zientziaren eta letren hainbat diziplinatan.
Ekitaldian izan dira Amaya Mendikoetxea UAMeko errektorea, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibersidade eta Ikerketako sailburuordea, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea eta Nekane Balluerka eta Iñaki Gorizelaia UPV/EHUko errektore ohiak.
Fernando Flores irakasleak egin dau Etxenike irakaslearen Laudatioa, izan be, UAMeko urrezko dominea eta Ikerketako Sari Nazionala ditu. Laudatioan, Etxenikeren ikerketa-arloko ibilbide osoaren errepasoa egin dau, azken 30 urteetako Espainiako zientzialari garrantzitsuenetako bat dala adierazoz. Baina, haren lorpen handiak nabarmendu baino lehen, haren ustez persona bezela definiduten dauenari buruzko gogoetea egin dau: Zientzian, eta beste arlo askotan, funtsezkoa da ausardia: gaztaroan agertzen dan eta ezezaguna dana esploretan eroaten gaituen jainkozko sen hori (...). Pedrok doe batzuk ditu, eta horreen artean dagoz, duda barik, sormena eta zientzian lortutako arrakastea suspertzeko behar dan ausardia.
Etxenikeren ikerketa-karrerearen hasieratik, Cambridgeko Unibersidadeko Cavendish Laborategian John Pendry irakasle ospetsuaren begiradapean egindako lana nabarmentzen da. Lan horren ondorioz, Etxenikek Interaction of energetic particles with surfaces (Energia-partikulen eta gainazalen arteko interakzinoa) doktore-tesia argitaratu eban 1976an, baita gainazalen eremuan izaera seminala daben zenbait artikulu be. Etxenikeren eta Cavendish Laborategiko John Pendry eta Archie Howie irakasleen arteko lankidetzeari hainbat urtez ekin eutsen eta, 1985ean, Cambridgeko Unibersidadeak Overseas Fellow del Churchill College izentau eben Etxenike irakaslea, Ken Arrow, Felix Bloch eta Phillip Anderson Nobel saridunek jasotakoaren pareko autortzea.
Etxenikek EHUko katedradun bezela emon dituan 30 urteetatik, Floresek nabarmendu dau gaitasuna izan dauela bikaintasuneko ikerketa-taldea sortzeko, nazinoarteko ospe handiko zientzia-lan batek bermatua eta talde hori sendotzeko eta nazinoarteko lankidetza garrantzitsuak garatzeko eta horreei eusteko behar dan azpiegiturea sortzeko. Horren adierazgarri, Euskal Herriko Unibersidadea-CSIC Zentro Mistoa, CIC nanoGUNE Euskal Herriko lehen nanoteknologia-zentroa eta, batez be, Donostia International Physics Center (DIPC) sortzeko emondako bultzadea. DIPC mundu mailako erreferentea da, izan be, urtero, 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratzen ditu, 25.000 aitamen baino gehiago jasotzen ditu eta hainbat herrialde eta kontinentetako 200 bisitari zientifiko inguru hartzen ditu.
Honoris Causa izentapena jasoteko unean, Etxenike irakasleak eskerrak emon ditu autortzeagatik, bere ibilbide zientifikoari eta Euskal Herriko Unibersidadearen bikaintasunari egindako autorpen garrantzitsua dala adierazoz.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak ondokoa adierazo dau: kasu gitxitan izango da egokiagoa bikain adjektiboa erabiltea Etxenike irakaslearen ibilbide akademiko eta personalean baino: ikerketa-ekarpen bikaina eta jarduera horretarako azpiegiturak sortzeko ekarpen bikaina. Baina bere lanaren elementu personalagoak azpimarrau nahi nituna: ezagutzearen aurreko pasinoa edo zientzia eta edertasuna buztartzeko ardurea. Hizlari bizigarri eta ausarta, beti dago prest belaunaldi barriei zientziaren aurreko pasinoa transmitiduteko, eta bere unibersidadeaz, Euskal Herriko Unibersidadeaz, harro dagoan akademikoa da.
Etxenikek belaunaldi barriak ikerketearen bidean jarraitzeko konbita egin dau: gauza txikia izanagaitik edozer lehen aldiz ikusteko plazerra bizi izan dauena betiko harrapatzen dau aurkikuntzearen uneak, eta gatxa izango da topatzaile harek ikerketa-jarduerea bertan behera ixtea, adierazo dau Etxenikek. Baina gero ondokoa gaineratu dau: sormena, zientzian zein artean, ezin da atondu, berez sortzen da talentu indibidualetik. Jagon egin behar dira ideak, egin, sortu, edertu eta aberastu egiten dabenak. Zientzia-politikarik onena geure gazteentzat aukera ugari sortzea da.
Etxenike irakaslearen autortza ugarien artean, Asturiasko Printzea saria eta Blas Cabrera Ikerketa Sari Nazionala dagoz, fisika-arloan Espainia mailan dagozan sari ospetsuenak. Nazinoartean, Max Plank sariaren jaube da eta Europako Fisika Alkarteko ohorezko kidea da. Titulu hori fisikako 19 personak bakarrik dabe, besteak beste, zortzi Nobel saridunek, CERNeko hiru zuzendari ohik eta Jocelyn Bell Burnell astrofisikari bikainak.
Honoris Causa doktore titulua Madrilgo Unibersidade Autonomoaren autortza akademiko gorena da eta izakera akademiko, zientifiko, kultural, tekniko edo humanistikoko aparteko merezimenduak dituan, nazino edo nazinoarte mailan ospe handia daben eta Madrilgo Unibersidade Autonomoaren balioak lantzen eta sustatzen nabarmen laguntzen daben edo erakunde horregaz lotura estua daben personei emoten deutsee. Izentapen horregaz, Etxenike irakasleak sei Honoris Causa doktorego ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!