Marte Lasarte taldeak bigarren singlea kaleratu dau
2024-04-25 08:39 MusikeaGanera, taldeko kide guztiak aurkeztu ditue.
Basamortua aurrerapen kantua aurkeztu ondoren, Marte Lasarte proiektuak bigarren aurrerapena kaleratu dau. Lehenengo abesti horregaz, musikari-bikote proiektu bezala aurkeztu eben taldea; azkeneko kantuagaz, barriz, Marte Lasarte taldea osotuko daben kideak aurkeztu ditue. Beraz, Pello Armendariz eta Borja Anton bikote ziranei, Alex Alonso (baterian) eta Lore Nekane Billelabeitia (baxuan) batu dira.
Aitatzekoa da azken bi horreek ez dabela denporea galdu musika eszenan; Alex talde askotan jo dau (La Oreja de Van Gogh, Skakeitan, ETS eta Tierra Santa); eta Lore Nekane, barriz, Belako taldean izan dauen ibilbideagaitik da ezaguna.
Laukoteak, oraingoan, taldeari izena emoten deutson singlea dakar: Narratzaile bezela, egun euritsu eta gris batean esnatzen da personaia lagun baten etxean eta hazi zan auzo eta uriaren deskribapena egiten dau. Musikea ibilbide eta filosofiagaz lotuta, berbek Marte Lasarte sortzen dan testuingurura eroaten gaitue: gentrifikazinoa, desplazamenduak, proiektu aldaketak, prozesu sortzailea, artearen aldarrikapena eta guztia erreferentziez betetako abestian. Musikeak, barriz, gordintasuna eta giro inguratzailea dauen melodia nostalgikoa erregaletan deusku. Horretarako, aurreko abestian batu ziran lagun batzuk dagoz: Jon Badi (NorthWaves Sound), Pello eta Borjagaz batera produkzinoan; Haritz Harreguy, grabaketan eta nahasketatan; eta Víctor García, masterizazinoan.
Muga produkzino taldeko kideek (Aitor Aranguren eta Erik Suso), hartu dabe bideoaren argazkigintzea eta grabazinoaren ardurea. Horreekaz batera alkarlanean Jabier Rodriguez, Ander Perez de Arenaza eta Maialen Arocena ibili dira ilustrazinoei bizia emoten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!