Philip Barendrecht, Esteban Martin eta Sara Aranburu irabazle 'Paperezko bizitzak' ipuin-lehiaketan
2024-04-24 07:45 KultureaLehen edizino honetan 60 sorkuntza-lan inguru jaso dira.
AEK-Korrika-k atondutako lehiaketa honen I. edizinoaren sariketea egin dabe Gasteizen, Eva Forest Liburutopian; bertan izan dira Artezkaritzako kideak zein Korrika-ko arduradun Ane Elordi.
Helburu nagusi bi ditu lehiaketeak: batetik, gogor salatzea euskal herritar guztiek ezin dabela euskerea doban ikasi; bestetik, egoera administratibo irregularrean dagozan personak ikusarazotea. Arlo bi horreek gogoan hartuta jaio zan, aurreko hilebetean, Paperezko bizitzak literatur lehiaketea:
Lehen edizino honetan 60 sorkuntza-lan inguru jaso dira; horreetatik, ondoko obra bi honeek eskuratu dabe saria, ex aequo: Sara Aranbururen Basamortu, arrotza eta Philip Barendrechtek zein Esteban Martinek alkarlanean eginiko Ate automatikoak izenekoek. Hiru egileek jaso ditue, AEKren eskutik, ipuin eta oroigarri bana.
Musikearen laguntzaz hasi da ekitaldia; ondoren, Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza kideak egin ditu hasierako aurkezle-lanak, lehiaketearen helburu biak azpimarratzeko: Alde batetik, AEKri Euskal Herri osoan hiztun aktiboak sortzea jagokun neurrian, euskalduntzea edozeinentzat dobako zerbitzua izan daitela aldarrikatzea; bestetik, egoera irregularrean dagozan persona horreek eta hareen bizipenak be ikusarazotea.
Ane Elordik euskerearen komunidadea nabarmendu dau, Korrika-ren edizino honetan behin baino gehiagotan aitatutakoa: Komunidade hori zabaltzeko, indartzeko, ezinbestekoa da gugana heltzen diran horreek besoak zabalik hartzea; horreek be euskerearen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gagozanon eginbeharra da erremintak emotea euren bidea samurtzeko.
Amaitzeko, epaimahaiaren izenean, Amaia Irureta irakasleak nabarmendu egin dau istorioak kontetako molde bi dagozala narrazino garaileetan: Basamortu, arrotza' ipuina testu ederra da, oso ondo landua; egileak berba-joko asko eta askotarikoak erabili ditu bere mezua irakurleari helarazoteko. Ate automatikoak ipuinean, berriz, idazleak kapaz izan dira irudi indartsua sortzeko eta irudi hori era egokian erabilteko.
Sariak emoteko ekitaldian, egileen ahotik entzun ahal izan ditugu ipuin saritu bakotxaren sorkuntza prozesuko zehetasunak zein lanak eurak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!