'Euskara Ibiltaria' erakusketa interaktiboa aurkeztu dabe
2024-04-24 08:36 KultureaEuskaltzaindiak, Durangoko Udalak eta Laboral Kutxak.
Erakusketa interaktiboa Durangoko Plateruenan izango da maiatzaren 15era arte. Aurkezpenean izan dira Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Alvaro Parro Laboral Kutxako Bizkaiko komunikazino arduraduna eta Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak.
Mireia Elkoroiribek ondokoa adierazo dau: erakusketeak euskerea eta euskal kulturea hobeto ezagutarazoten laguntzen dau, garrantzitsua da euskerea eguneroko errealidade bezela bultzatzea, egunero erabili. Geure sustraiak ezagutu eta horrek geure bizitzako esparru guztietan berreskuratzeko ahaleginetan jarraitzen dogu, baita teknologia barrietan be.
Erakusketa ibiltaria-ren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak lez, euskerearen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea dau helburu. Halanda ze, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi deutso atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Bost atal nagusitan dago banatua: Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitzea. Atal bakotxean Atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horreek era bisualean erakutsiz. Horrezaz gan, erakusketak jokoak, animazinoak eta entzungaien gisako tresnak be erabiltzen ditu herri berben aberastasuna erakusteko.
Erakusketearen bisitariak, euskerearen aberastasunaz ohartzeaz gan, hizkuntza-atlasa zer dan ikusteko aukerea izango dau, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.
Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) oinarri
Adolfo Arejita EHHA egitasmoko zuzendariak ondokoa nabarmendu dau: 80. hamarkadean Hizkuntza Atlasa lantzen hasi genduanean euskal hiztunek altxor hori emon euskuen eta Euskaltzaindiak, orain, gizarteari bueltau nahi deutso. Hori da, besteak beste, erakusketearen helburua.
Euskera ibiltaria-ren helburua be bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera emotea. Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskerearen aldakortasunaren barri emoten dauen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratutakoa eta dagoeneko hamaika liburuki dituana. Proiektua XX. mendeko 80ko hamarkadean hasi eben ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu ebezen (Araban herri bakarra, Bizkaian eta Gipuzkoan 36, Nafarroa Garaian 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12), 319 barriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora alkarrizketaren bidez grabetako.
Ordutegiak eta bisita gidatuak
Erakusketa ibiltaria eguen, bariku eta zapatuan egongo da zabalik. Eguen eta barikuetan 17:00etatik 19:00etara, eta zapatutan 10:30etatik 13:30etara. Horrezaz gan, dobako bisita gidatuak be atondu dira:
- Apirilaren 27an: 11:30ean (euskeraz) eta 12:30ean (gaztelaniaz).
- Maiatzaren 3an: 18:00etan (gaztelaniaz).
- Maiatzaren 9an: 18:00etan (euskeraz).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!