Liburuaren Astea UPV/EHUn

Bizkaie! 2024-04-18 12:21   Kulturea

Apirilak 23: Nazinoarteko Liburuaren Eguna.

Apirilaren 22tik 26ra, liburu-trukeak izango dira, Trukartuz lemapean. Liburuak trukatuz edo hartuz ezagutzak zabaltzeko jarduerearen izena da Trukartuz eta ekimenerako sortutako irudia liburu sorta bat da norabide guztietan geziak osotzen dituana eta trukea sinbolizetan dauena: horren emoiteza izartxo bat da, literaturan zeozeren esangurea nabarmentzeko erabilten dan sinboloa. Campusetako biblioteka-atarietan UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratutako zenbait liburu izango dira trukerako mahaian eta bertara datorren edozeinek liburuak hartu eta itxi ahal izango ditu 10:00etatik 15:00etara bitartean. Trukerako mahaia Portugaleteko Injinerutza Eskolan apirilaren 22an, Arabako Las Nieves ikasgelategian egongo da apirilaren 23an, Carlos Santamaria zentroaren atarian apirilaren 24an, Bizkaia Aretoa UPV/EHUn apirilaren 25ean eta Bizkaiko Campuseko Liburutegi Nagusian, Leioan, apirilaren 26an.

Liburuak trukatzeko tarteaz gan, liburuez berba egiteko tarterik be izango da UPV/EHUn Liburuaren Astean: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuan 2020 eta 2023 urtean argitaratutako papelezko liburuen artetik 20 liburu aurkeztuko ditue liburuen egile zein apailatzaileek apirilaren 25an Bizkaia Aretoan izango dan aurkezpen-maratoian. Goizeko 10:00etatik 16:30era bitartean deituta dagoz egileak. Filosofia, sareetako barriak, emozinoak, teatroa, mendia, adierazpen grafikoa... askotariko gaiak jorratu ditue orrialdez orrialde eta horren barri emotera datoz. Streaming bidez jarraitu ahal izango dira aurkezpenok EHUtb-ren 1. Kanaletik.

Bestelako ekitaldi batzuk be izango dira liburuak atxaki hartuta: Gipuzkoako EHUkulturak atonduta, idazleak konbidatu dira unibersidadeko gela eta biblioteketara. Irakasleek gidaritza lana egin eta konbidauakaz barriketan ibiliko dira liburuez: Maitasun kapitalari buruz egingo dabe berba dira Karmele Jaiogaz, liburuen ilustrazinoa izango dabe berbagai Elena Odriozola eta Amaia Agirrek, Ipuingitzea izango dabe ardatz Nerea Ibarzabal eta Eider Rodriguez; irakurraldiak jorratuko ditue Begoña del Tesok eta Juan Aldazek eta entsegua eta itzulpena ekarriko dabe Koldo Tellitu eta Igor Etxabek. Saio horreetako batzuetan izena emon behar da eta, horretarako, www.ehu.eus/ehukultura atarian dago sarbidea.

Igaz Liburu egileak kanala sortu zan sareetan (Ikusi kanalak hemen: Liburu egileak - Vimeo & Liburu egileak - Youtube), UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako liburu-egileen bideo laburrak jasoten dituana. Harrera oso ona izan dau kanalak eta, igaz bezela aurten be bideo-sortea elikatzeko aleak grabauko dira Liburuaren Astean.

UPV/EHUko biblioteketako funtsetatik abiatuta erakusketa bi izango dira ikusgai liburuaren astean: Arabako Campusean, Koldo Mitxelena Bibliotekearen atarian: Beatoak: erdi aroko bestsellerra eta Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria bibliotekan Ipuinak marrazten, euskal irudigileak.

Liburuaren asteko programa hemen konsultau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu