Josu Larrinaga: 'Enkarterri euskaldundu egin da'

Koldo Isusi Zuazo 2024-04-22 07:58   Barriketan

Josu Larrinaga Arzak (Sodupe 1964) Enkarterriko euskalduntze prozesuan parte hartu eban eskualdeko AEK-ren sorreran eta beste zenbait momentutan eta horren memoria berreskuratzeko Harro Enkarterri dinamikan dabil gaur egun. Bada zer ospatu eta bada zer eskertu, eta nor omendu be bai eta horregaitik Enkarterriko AEKaren inguruan ibilitako zenbait personak pentsau eben orain gitxi jubilautako Lurdes Gauna Aduriz omentzea zala egokiena haren bizitza profesional osoa gau-eskoletan eta gero Enkarterriko eta Bizkaiko AEKan egin dauenagaitik baina berak esan ei eban gaia hobeto aztertzeko eta orduantxe erabagi zan omenaldia kolektiboa izan beharko leukela. Egunotan izan da autortza ekitaldia Sodupen.

Kontuak kontu, azken 20 urteoan Gizarte Antropologia irakaslea da EHU-n eta liburugintzan, barriz, 2016. urtean Euskal musika kosmikoak liburua plazaratu eban.

1.- Enkarterrin azken 40 urteotan nabarmen egin ei dau gora euskerearen erabilereak Eustat Euskal Estadistika Erakundeak zehaztu dauenez. Benetako datua ete da?

Bai edo. Enkarterrin euskaldunen kopurua 1981eko % 1'02tik 2021eko % 31'58ra joan da eta datua ez da txarra baina bakotxak ahalegintxua egin eta portzentaje hori handitzea izango litzateke ona. Urte asko joan dira eta gorabehera handiko tartea izan bada be badakigu erabilerearen datuak ez dirala poztekoak, besteak beste, sakabanatuta bizi garelako. Hainbat arlotan, arreta zerbitzuetan eta holakoetan eragina handiagoa da gure eskualdean baina kanpoaldean be bardin antzean, erabilerearena da burukomin handiena baina badakigu pekatua be geurea izaten dala askotan eta gaztelanbiaz berba egiten hasten garela.   

 
2.- Oro har, zeintzuk dira Bizkaiko mendebaldeko eskualdearen berezitasunak, euskereari zein gizarte maileari jagokozanak?

Eskualde zabala da gurea eta herri batzuk aitatzearren, Alonsotegi, Sodupe, Gueñes, Zalla eta Balmaseda nabarmenduko neukez, Bilbogaz lotura eta hartu-emon handiak dituenak baina Karrantza Harana askoz urrunago dago eta eta populazionoaren aldetik be jente gitxiago bizi da eta lanbideak nekazaritzeagaz eta abeltzaintzeagaz lotuta dagoz gehienbat.


3.- Edadekoak euskeraz berba egiten ikustea normaltzat hartu daiteke?

Edadean gora goazen batzuk kapaz gara euskeraz egiteko baina gogoa behar da eta jarrerea euskerearen alde. Zorionez jentea ibili badabil eta pozgarria da hori, transbersalagoa da egoerea eta esango neuke sasoi bateko militantismoak indarra galdu dauen arrean, jarrera proaktiboa da nagusi gaur egun. Gure seme-alabak euskeraz ikasteko prozesuan errazago sartzen dira eta hori beti da interesgarria, gure motibazinoa da sasoi batekoak batzea.  


4.- 1863 Louis-Lucien Bonaparte hizkuntzalari frantsesak euskereari buruzko lehenengo ikerketa zientifikoa argitaratzen dauenean, esaten dau bizkaierearen lurraldea Deba ibaitik Gallarraga errekaraino doala. Gero euskera batua etorri zan...

Bizkaierearen eremu geografikoa Deba ibaitik Gallarraga errekaraino doala esaten eban eta ez ebilen oker.  Egun, euskerearen mugea Karrantza ibaian dago, Karrantzara D eredua heldu da, gau eskolak eta euskaltegiak be badagoz egon eta Enkarterri euskaldundu egin dala pentsetan dot. 


5.- Ez zan edozein Bonaparte. Euskerearen ganeko 30 liburu baino gehiago idatzi zituan eta euskalkiei jagokenez, 8 euskalki, 25 azpieuskalki eta bariedadeak, barriz, 50. Enkarterriko egungo egoerea ikusita zer esango leuke?

Euskalkien aberastasun hor dago baina euskera batua da hemen nagusi eta eskerrak horri euskerearen egoerea ona da asko egiteko dagoan arren. Gurean persona helduak gagoz gitxika-gitxika euskaldundu garenok eta umeak eta gazteak be ezin ahaztu, irakaskuntzearen bidez euskara batuaren bidez aurrera doazenak. Baina mendebaldeko euskalkia zabaldu eta gazte zein helduen artean erabili ahal izateko pausuak emotea be ez dot txarto ikusten. 


6.- Gaur egun bada zer ospatu eta zer eskertu. Nor zan Lurdes Gauna Aduriz?

Enkarterriko AEKaren inguruan ibilitako zenbait lagunok pentsau genduan orain gitxi jubilau dan Lurdes Gauna Aduriz-i bere bizitza profesional osoa gau-eskoletan eta gero Enkarterriko eta Bizkaiko AEKan egin dauenak autortzea edo omenaldia merezidu ebala eta hor hasi ginan nondik nora jo eta bestelakoak aztertzen. 


7.- Omenaldi personala barik kolektiboa behar zala esan ei eban Aduriz andreak, izan be, badago nor omendu Enkarterrin...

Jakina. Kontua da ze Adurizek berak esan euskula hobeto aztertuteko kontua eta maila kolektiboan be baegoala nor autortu; orduantxe erabagi genduan omenaldia kolektiboa izan beharko leukela eta lehenengo ikastolea eta gau eskola klandestinoak sortu ebenak, geroago ikastolak eta eskoletako B eta D ereduak sustatu zituen gurasoak, irakasle, ikasle eta laguntzaileak, euskaldundu garenak eta saiatu diranak hor sartzen ginan, oso harro gagoz, Korrikaren goiburuari keinu eginez, badakigu prozesua ez dala homogeneoa izan baina lan handia egin dabenak ezin doguz baztertu eta holan etorri zan oraintsu Sodupen egin genduan omenaldia.


8.- Kontua da ze omenaldi kolektiboa oraintsu egin dozuela Sodupeko plazan. Zelan bizi izan zenduen?

Ederra izan zan. Hor batu ginan zahar, gazte, txiki zein handi eta jai giroan pozarren ibili ginan; prozesua aberasgarria izan da, gozau egin dogu, herritarrak alkarrizketatzen eta ibili gara eta lortu dogu jentea batzea, antxinako gauzak gogoratzea, Bertsolariak, omenaldia, bazkari herrikoia eta musikea be izan genduzan eta dibertidu egin ginan. Enkarterrin holako hitzorduak sano interesgarriak dira eta alkartrukerako eta alkar ezagutzeko ezinbestekoak izaten dira.

9.- Bihar-etzirako asmoen artean zer nabarmenduko zeunke?

Lehengo gorabeherak, Enkarterri euskalduntzeko prozesua, gizarte, kultura zein ekonomia mailakoak eta bestelakoak, gogorazo eta egin barik dagoan liburura ekartea beti darabilgu buruan bueltaka eta tematuta gagoz; ahalegin kolektiboa izango litzateke eta produktu duina plazaratzea da asmoa. Informazino asko, lekukoak galtzen gabiz eta eta pentsetan dogu oso inportantea dala holako dokumentu bat edozeinen esku izatea. Testu eta erretratu batzuk badaukaguz eta zeozelan lana aurreratuta dago... 

Ganerakoan, ezagutzen ez dituenentzako jakin deiela Karrantza Haran honetan badagozala inguru eder eta magikoak Europa zein mundu mailako lekuak, besteak beste, Pozalaguako Kobazuloa, Karpin Abentura eta Loizaga Torrea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu