'Oroitzapenak', Eraso! zarauztarren agurra

Bizkaie! 2024-04-16 10:42   Musikea



Amaierako maitasun kantu bat da. Baina maitasun kantu guztiek ez dabe gusto bera uzten garaia heltzen danean. Azken batean, amaierak beti dira akaberea, oraina eta geroa eteten dabenak. Alde guztiek bardin gozetan eta sufriduten dabe alkarregaz bizitako ia 30 urteko ibilbidea, bakotxak bere modura eta gomutetatik alde edo kontra.

Kaiolatik iges egin eta inoren lurretatik ez gara inoiz hilko oihukatzen eban orain urte batzuk Eraso! taldeak, baina ez da holakorik jazo. Larrosa baltzak loratu jakoz bihotzean, grisez bustitako egunotan eta behin betiko oldartze bat merezidu dauelako ‘Azken batean’ agurreko diskoa emon dau argitara.

Epilogo iragarritako baten kronikea. Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri, Nestor Urdanpilleta, Iñigo Beitia eta Ibai Castrok azkena izatea erabagi dabe baina bat eginda, familian eta giro onean; horratx, izenburuak iradokitzen dauen berba-jokoa. Kasualidadez edo kausalidadez, disko guztiz kontzeptuala da, jorratu daben gaiei erreparauta: taldearen azkena indar handikoa da abestien berbetan. Hasierako gomutak, proiektuaren alde emondako guztia, egindako ibilbidearen garrantzia, joandakoaren nostalgia, amesei uko egitearen mina, iraun eban bitarteko garai onak eta barruko hutsuneari buruzko gogoetak dira berbagai abestiz abesti.

Betiko Eraso! da, oinarri sendoa metal doinuetan, eta berezko dauen oinarri hori presente dago disko honetan, baina ezin da ahaztu entzumen edegia izan dauela eta beti saiatu dala buztartzen jokera asko. Azken diskoa dalako edo, akaso, honetan lizentzia gehiago hartu dabe esperimentazinorako. Gainera, aurreko lanetan ez bezela, honako hau hamabi kantuz osotutako disko luzea da.

Abesti bakotxa berezia da. Iraun dauen bitartean stoner astuneko obrea da amaiera nahiko thrasheroagaz; Oroitzapenak, Gure inperioa eta Biktimak lakoek, esaterako, taldearen jatorri izentapena daroe baina tarteka pop-rockera joten dabe; Adorea Vs. Zalantzak diskoko abesti ilunena da; Ansiolitiko salda hardcore azkarreko pilulea da, Haritz Lete lagunaren kolaborazinoagaz; Ilun hotz heze eta Hustutako arimak, bestalde, sakontasun handiko abesti geldoak dira.

Bistakoa da mimoz produzidutako lana izan dala, eta bide horretan Eñaut Gaztañaga izan dabe gidari Gaztain Studiosen.

Malko beltzak. Diskoa entzuteagaz batera, belaunaldi jakin bati agur esaten deutsen sentipena sortzen da. 90eko eta 2000eko hamarkadetan loratutako euskal metal garaikidearen azkenetako ordezkaria, azkena ez bada, desagertzear da, eta, duda barik, zale askori zirrarea sorrarazoko deutso disko osoaren entzunaldiak. Are gehiago Oroitzapenak aurrerapen abestiak eta bideoplikak igorten daben mezu zein irudiakaz. Eraso!-ko taldekideak ikus daitekez ikus-entzunezkoan hiru hamarkadako ibilbidearen laburpen lez, itxura aldaketakaz, estudio askotan grabetan, lokalean, han eta hemengo kontzertuetan, eta tartean, taldekide ohiak (Amaiur Cajaraville eta Ander Izeta) eta soinu teknikariak nahiz lagunak (Jexuxmai Lopetegi, Mikel Kazalis, Zaloa Urain, Karlos Osinaga Txap, Haritz Lete, Haritz Harreguy, Eñaut Gaztañaga).

Etorkizuna ahaztu dozunean, iraganaren bila zoaz, iragana beti hobea izan zala pentsauta...

2024ko urtarrilaren 22 tik 26ra grabautako diskoa da Gaztain Estudioetan. Maiatzaren 30etik aurrera eskuragarri plataforma digitaletan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu