Durangaldeko ondarea eta historia ezagutzera emoteko bisita gidatuen katalogoa atontzen dabil Gerediaga

Bizkaie! 2024-04-16 09:54   Kulturea

Durangoko kaleko eskulturak ezagutzeko bisita gidatua diseinau dabe.

Benita Uribarrena parkean dagoan Javier Santurtún sortzailearen 'La fábrica vencida' (2003) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gerediagaren zereginetako bat Durangaldeko ondare materiala zein inmateriala eta historia ezagutzera emotea da. Urteetan helburu horri eutsiz, makinatxu bat jarduera atondu ditu, tartean bisita gidatuak. Taldeei zuzendutako bisiten katalogoa osotzen dabiz eta asmoa, Durangaldeko herri guztiek, gitxienez bat izatea da. Gaur gaurkoz, Durango, Iurreta, Garai, Elorrio eta Otxandioko bisitak dagoz prest.

Bisita gidatuak gehienez 25 laguneko taldean egiteko dagoz diseinauta eta bataz beste ordu eta erdiko bisitak dira. Herri bakotxeko leku esanguratsuak ikusi eta herriaren historian eta ondarean sakontzeko aukerea izaten da.

Kontuak kontu, Durangoko Udalak apirilaren 20 eta 21ean atonduko dauen Plazara ekimena aprobetxauta, diseinautako bisita gidatu barria aurkeztuko dabe: Durangon aire librean dagozan kaleko eskulturak ezagutuz atondutako ibilbidea.

Bisita bi izango dira, euskeraz eta gaztelaniaz. Ezkurdi plazako iturrian hasita, zazpi eskultura bertatik bertara ikusi eta ezagutuko dira. Halan da be, Durangon zehar dagozan beste horrenbeste eskultura be aitatuko dira bisitan, besteak beste, besteak beste, Vicente Larrea, Nestor Basterretxea, Jesus Jauregi edota Imanol Marrodanen artelanak dira. Bisitea doban bada be, aurretik izena eman behar da Gerediagan: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066

Euskerazko bisitea goizeko 10:30ean izango da eta gaztelaniazkoa 12:30ean.

Alkarlana Durangoko Udalagaz

Durangoko turismo bulegoagaz bigarren urtez hitzarmena sinatu dau Gerediaga Alkarteak. Martiaren 30ean hasita, udabarri-uda garaiko kanpainan, daneta 27 bisita tematiko eskainiko dira. Bisita berezi horreek turismo bulegoak kudeatuko ditu.

Bestetik, Durangora bizitera etorri dirainei zuzenduta, Durangoko Udaleko Inmigrazino Sailagaz batera, bisita gidatu berezia eskainiko da: apirilaren 27an egingo da lehenengoa. Durangoko Udalak herritarrei eskaintzen deutseen zerbitzuak non dagozan eta zer eskaintzen daben azalduko jake etorri barriei ibilbidean, baina, Durangoko historia, ondarea eta kulturearen barri emotea be bada helburua. Apirilekoaz aparte, bagilean, urrian eta abenduan be egingo dira beste hiru bisita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu