Kultura eta Sormen Industrien botere eraldatzailea azpimarratu dabe
2024-04-15 07:40 KultureaGaur hasi da Bilbon Sormenaren Munduko Foroa.
Eguaztenera arte kultura eta sormen-industriei (KSI) lotutako munduko osoko eragileak, erakundeak eta enpresak erakarriko ditu Kultura eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta barrikuntzea goiburuari eutsiz; helburua da sektoreko ereduak eta azken jokerak ezagutzea eta sektoreko eragileen artean lan-aukera eta hartu-emonak sortzea.
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti be izan dira inagurazino ekitaldian Pascal Cools Flanders DCko zuzendari nagusiagaz batera.
Sormenaren Munduko Foroa urte birik behin atontzen dau nazinoarteko Districts of Creativity (DC) Network sareak eta inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak Kultura eta Sormen Industrien botere eraldatzailea eta gizartearen dinamismo kulturalari egiten deutsen ekarpena azpimarratu ditu eta azaldu dauenez, horregaitik, kultura-politiken irismena zabaldu dogu, sormenean oinarritzen diran industriak dinamizetan laguntzeko. Badakigu, oinarrizkoak dirala garapen ekonomiko eta sozialerako.
Lehendakariak gaineratu dauenez, kultura eta sormen-industriek parte hartzen dabe, beraz, zientzia, teknologia eta barrikuntzea bultzatzeko gure politiken bihotzean. Norberaren eta enpresaren garapenerako idea eta aukerak hartu eta bultzatzearen alde egiten dugu. Barrikuntzeagaz konprometiduta gagoz. Lankidetzan sinisten dogu. Euskadi munduari edegitako Herria izan dala beti gogorarazo dau eta Sormenaren Munduko Foroa hartu-emonak sendotzeko eta nazinoarteko lankidetzea sustatzeko aukerea dala gaineratu dau.
Kontuak kontu, Sormenaren Munduko Foroaren egoitza nagusia Bilbao Euskalduna Jauregia (Bilbo) izango da, baina Tabakaleran (Donostia) eta Artiumen (Gasteiz) be egingo da. Gaurtik eguaztenera ehunka personak hartuko dabe parte berbaldi, lantalde tematikoetan, jardunbide egokien kasuen aurkezpenetan, eztabaidetan edo kultureari eta sormenari lotutako leku eta espazioetarako bisita gidatuetan. Egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!