Hiromi eta Kurt Rosenwinkel, Getxoko Jazzaldian

Bizkaie! 2024-04-15 07:45   Musikea

Aurretik iragarritako Stacey Kent, James Carter eta Bill Frisell artistakaz bat egingo dabe.

Getxo Jazzaren ordainezko kontzertuen programazinoaren barri emon dabe. Jazzaldiaren 47. edizinoan Hiromi japoniar pianisteak Sonicwonder bere azken proiektua aurkeztuko dau eta Kurt Rosenwinkel gitarristea laukote bategaz izango da.

Garagarrilaren 3tik 7ra bitartean, Muxikebarri zentroak hartuko ditu saio nagusiak, eta, horreetan, publikoak aurrez iragarritako Stacey Kent, James Carter eta Bill Frisellen kontzertuez disfrutetako aukerea be izango dau. Sarrerak salgai dagoz hemen.

Hiromi Uehara (1979, Hamamatsu) jazz modernoko pianista eta konpositore berezienetako bat da. Bostongo Berklee College ospetsuan hezia, 2003an egin eban debuta Another Mind diskoakaz, lan horretan artista berezia zala agerian itxiz. Besteak beste, Chick Corea eta Stanley Clarke artistegaz kolaborau dau, eta Jazz Disko Onenaren Grammy saria lortu eban, ekitaldiaren 53. edizinoan.

Garagarrilaren 4an, Sonicwonder lana aurkeztuko dau Getxon, groove soinuez betetako diskoa, funka eta soinu elektrikoak jazzaren bitartez buztartzen dituana. Emonaldi horretarako Hadrien Feraud (baxua), Adam O 'Farrill (tronpeta) eta Gene Caye (bateria) musikariek osotutako laukotea izango dau alboan.

Barikuan, garagarrilaren 5ean, Kurt Rosenwinkelen txandea izango da (1970, Filadelfia). Azken hamarkadako jazz-panoramako gitarristea dagoeneko klasiko bihurtu da, estilo eta asmamen handiko erregistro propioa eskeiniz. Perico Sambeat eta Joshua Redman lako musikarien ohiko kolaboratzaileak, The Next Step eta Heartcore disko arrakastatsuak grabau ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu