Iñigo Argomanizek eta Eli Arabaolazak irabazi dabe XXIII. Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria

Bizkaie! 2024-04-12 13:12   Kulturea

Sariak apirilaren 19an emongo ditue UPV/EHUren Ignacio Maria Barriola Zentroan.

Iñigo Argomaniz sustatzailea eta Eli Arabaolaza ikertzailea | Argazkia: Donostiako Orfeoia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Sariketearen hogeita hirugarren edizinoa da aurtengoa eta helburu bigaz sortu zan: musika sorkuntzako ibilbide profesionala autortzea eta musika arloko ikerketak sustatzea.

Eli Arabaolaza ikertzaileak ‘Musika ikerketa sustatu eta indartzea’ kategorian jaso dau saria, ‘La Orquesta de Euskadi 1982-2022: Implicaciones culturales y educativas’ izeneko lanagaitik. Era berean, zuzeneko kontzertuen sustapenean egindako lanagaitik eta izandako ibilbide nabarmenagaitik jaso dau saria Iñigo Argomaniz sustatzaileak.

Iñigo Argomaniz oso pozik dago “Euskal Herriko Unibersidadeagaz eta Donostiako Orfeoiagaz, zuzeneko musikea, artistak garatzeko lana eta nire personearen atzean dagoan taldearen lana autortzen dauen sari honengaitik”. Bestetik, Eli Arabaolazaren eretxiz, “ohorea da sari hau jasotea; beste edizino batzuetan nire erreferenteek irabazi daben saria irabaztea oso hunkigarria da”.

Sariak emoteko ekitaldia apirilaren 19an, arratsaldeko 19:00retan, Euskal Herriko Unibersidadeko Ignacio Maria Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian izango da eta hor parte hartuko dabe Donostiako Orfeoiaren presidenteak, Antxon Elóseguik, eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Agustín Erkiziak. Ekitaldia amaitzean, Donostiako Orfeoiko ordezkari batzuek erakustaldi labur bat egingo dabe euren errepertorio tradizionaleko obrakaz. Ekitaldira edozein hurreratu daiteke jarlekuak bete arte.

Iñigo Argomaniz

80ko hamarkadan ekin eutson ibilbide profesionalari. Sasoi haretako kontzertuen oihalen atzean ikasi eban lanbidea, Santi Ugarte ameslaria buru eban Tiburón Concert sustapen enpresa mitikoan. Espainiatik pasetan ziran nazinoarteko bira handien triangeluan Donostia kokatzea lortu eban tokiko enpresa horrek: Bartzelona, Madril eta Donostia. 1991n bere sustapen eta management enpresa propioa sortu eban Iñigok, Get In izenekoa, eta gaur egun bertako CEOa da. Promociones Musicales Get In enpreseak hiru egoitza ditu: Donostia, Madril eta Mexiko Uria. 800 kontzertu baino gehiago atontzea ditue urtean, eta 25 artistaren baino gehiagoren ibilbidea zuzentzen dabe. Kontzertuen sustatzailea, ekitaldi handien produktorea, manager & booking, negozio barrien sortzailea eta garatzailea eta Musika Sustatzaileen Alkartearen (APM) bazkide fundatzailea; alkarte horren presidentea izan zan 2008tik 2010era. Gaur egun zuzendaritzako kidea izaten jarraitzen dau. 2024an, Espainiako Musikearen Akademiaren sortzailea eta bazkidea da. Era berean, musikearen industriako hainbat alkartetako kidea da: A.R.T.E. eta M.I.E. Euskadi alkarteetakoa. Gainera, Kulturearen Euskal Kontseiluko kidea da. Iñigo Argomanizek bere uriko, Donostiako, sari gorena jaso eban 2006ko urtarrilaren 20an: Urrezko Tanborra, urian kontzertu garrantzitsuak atontzeko egindako lanagatik, kontzertu horreek erakargarri turistikoak eta kulturalak baitira. Get In enpreseak kontzertu bateko giroa simuletan eban erakusketa kultural arrakastatsu bategaz ospatu eban 30. urteurrena. *Backstage Tabakaleran landu eben 2021ean eta 20.000 persona baino gehiago pasau ziran handik.

Eli Arabaolaza Elorza

Doktorea da, Cum Laude izentapenagaz, Euskal Herriko Unibersidadearen eskutik (doktorego programea: Hezkuntzea: Eskolea, Hizkuntzea eta Gizartea); Musikologian graduduna, Psikopedagogian lizentziatua eta Irakasle Ikasketetan diplomatua, Musika Hezkuntzearen, Gorputz Hezkuntzearen eta Atzerriko Hizkuntzearen (ingelesa) espezialidadeetan. UPV/EHUko irakaslea da 2016tik, Musika Adierazpidearen Didaktika arloan. Derrigorrezko hezkuntzako irakasle be ibili da 15 urtez. Donostiako Orfeoiko kidea da 2001etik. Euskadiko Orkestreagaz batera lan egin izan dau, gida didaktikoak egiten, sensibilizazino tailerrak emoten eta kontzertu didaktikoak aurkezten. Euskadiko Orkestreagaz, emakumeagaz eta musika hezkuntzearekin lotutako gaiak ikertzen ditu eta irakasleen prestakuntzan musikeak dauen funtzinoa be bai.

Euskadiko Orkestra (EO) eta 1982 eta 2022 artean garatutako politika kulturalakaz lotuta orkestreak egindako jarduerak aztertzea izan da haren ikerketearen helburu nagusia. Ikerketan erabilitako metodologia mistoa izan da eta metodologia kualitatiboa gailendu da kuantitatiboaren gainetik. Euskadiko Orkestrearen alderdi sozialetan, alderdi artistiko-musikaletan eta hezkuntza alderdietan sakontzen dauen kasu azterketa bat da tesi hau. Aurkeztutako datuak eskuratzeko hainbat iturri erabili ditu: Euskadiko Orkestrearen artxibo musikal eta historikoa eta Eresbil Musikearen Euskal Artxiboko Imanol Olaizolaren funtsa. Bestetik, erdiegituratutako 64 alkarrizketa egin ddeutsee musikariei, kudeatzaileei, irakasleei eta hainbat profiletako personei. Euskal musika arloan Euskadiko Orkestreak zeregin garrantzitsua izan dauela ondorioztatu dau lanak. Musika sinfonikoaren eta ganbera musikearen abonu denporaldiak sustatu ditu eta, gainera, beste euskal musika erakunde batzuek atondutako jaialdietan eta zikloetan parte hartzen dau sarri. Euskal konpositore nabarmenenen ondarea grabau du. Sartu-urtenak egin ditu musika sinfonikotik urrun dagozan genero eta estilo musikaletan eta kalidadeko musika landu dau umeentzat, kontzertu didaktikoen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu