Euskadik munduko bazter guztietako kultura eta sormen sektoreko profesionalak hartuko ditu

Bizkaie! 2024-04-12 12:26   Kulturea

Apirilaren 15ean, 16an eta 17an, Sormenaren Munduko Foroan.

Euskadi kultura eta sormen-industrien munduko erdigunea izango da, Sormenaren Munduko Foroa – CWF24 (“Creativity World Forum”) helduko baita. Ekitaldia urte birik behin atontzen dau nazinoarteko Districts Creativity (DC) Network sareak. Aurten, Eusko Jaurlaritzearen eskutik, sektoreko ereduak eta azken jokerak konpartiduteaz gan, kultura-eragileen artean lan-aukera eta hartu-emonak sortzea dau helburu.

Foroaren egoitza nagusia Euskalduna Jauregia (Bilbo) izango da, baina Tabakaleran (Donostia) eta Artiumen (Gasteiz) be egingo da. Hiru egunetan, ehunka personak hartuko dabe parte berbaldietan, lantalde tematikoetan, jardunbide egokien kasuen aurkezpenetan, eztabaidetan edo kultureari eta sormenari lotutako leku eta espazioetarako bisita gidatuetan (Egitaraua). Iñigo Urkullu lehendakariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera, hasiera ofiziala emongo deutso Creativity World Forumari, astelehenean, 9:30ean, Euskalduna Jauregian.

Ekitaldia euskal kultura eta sormen-industrien agirikotasunaren arloan mugarria izatea aurreikusi da, nazinoartean dauen lekua indartzen eta ahalmen barritzailea are neurri handiagoan lantzen lagunduko dauena, mundu osoko oinarrizko eragileakaz sinergiak ezartzearen bidez.

CWF24 Districts of Creativity (DC) Network sarearen ekitaldi bereizgarria da, urte birik behin atontzen dana. Aurreko edizinoa 2022an izan zan, Baden-Württembergen (Alemania). Oraingo honetan, Euskadi arduratuko da kultura eta sormen-industrien sektoreko oinarrizko personak hartzeaz (gobernu, enpresa eta hezkuntza-esparrukoak), sormenari, barrikuntzeari eta enpresa-espirituari buruz eztabaidatzeko.

Gizartean diziplina arteko sormena bultzatuko daben jardunbideak konpartiduteko eta, era horretan, barrikuntzea eta oparotasuna sustatzeko helburua Sormenaren Munduko Foroaren ezaugarri bereizgarria da. Halan da be, aurtengo edizinoak —Euskadin egingo dan CWF24 izenekoak— beste urrats bat egin nahi dau, eta lanerako bide, hartu-emon edo enpresa-proiektu barriak sortu nahi ditu hiru euskal uriburuetan batuko diran eragileen artean, Euskadi lankidetza-lurralde legez erakusteko. Horretarako, programa ofizialak agirian jarriko dau eskualdeek beteten duten zereginaren garrantzia, eta azken urteetan Euskadin jorratutako kultura eta sormen-industrietara bideratutako politika aitzindarietan eta martxan jarritako Euskadiko Espezializazino Adimendunaren Estrategian (RIS3) oinarrituta egongo da. Hortik dator CWF24ren goiburua: “Kultura eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta barrikuntzea”.

CWF24 foroaren helburuak lortzeko, lau arlo tematiko (AT aurrerantzean) hautatu dira, horreetako bakotxa gaian eta haren deribatuetan eta proiektuen koordinazinoan esperientzia handiko Euskadiko erakunde garrantzitsu batek bideratzen dau. Arlo horreetako bakotxeko oinarrizko eragileek, euskal erakunde bat buru ebela, ekitaldiaren aurreko hilebeteetan ibili dira lanean arloko erronka nagusiak eta jardunbide egokien kasuak identifiketako. Arlo tematiko guztiek zeregin garrantzitsua beteko dabe Foroan, eta hautatutako kasu arrakastatsuen ordezkariek parte hartuko dabe. ATen bidezko ikuspegi hori eta aldez aurreko lan-prozesua aurtengo edizinoko aldaketa nagusietako bi dira, ekitaldiaren programeari sendotasuna, aniztasuna eta partaidetza-izakerea emoten deutsenak. CWF24ren ATak honako honeek dira:

1. Gobernantza eta kultura eta sormen-industriak.
2. Barrikuntza kultura eta sormen-industrian eta industria horreen barruan.
3. Kultura eta sormen-industrietako enpresak eta merkatuak.
4. Hezkuntza eta ikerketa kultura eta sormen-industrietan.

Ikasleak trukatzeko nazinoarteko programa bat (DC Living Lab) aurreikusi da, Districts of Creativity Network sareak bultzatua. Ohiko programea da edizino guztietan eta disziplina askotako talde batean lan egiteko aukerea emoten deutse ikasleei, kultura eta sormen-industrien barruan erronka errealei aurre egiteko. Euskadin egingo dan aurtengo edizinoan, online eta aurrez aurre jarraitu ahal izango da. Gainera, KSIGUNEk, Euskal Goi Mailako Hezkuntzako Kultura eta Sormen Industrien Ezagutza Guneak koordinauko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu