Deriok Euskadiko Zailtasuneko Eskalada Txapelketa 2024 hartuko dau

Bizkaie! 2024-04-11 08:19   Kirola

Hitzordua Maiatzaren 11n izango da, Derion, Biwak Experience-n (Astintze kalea, 4).





Derioko Biwak Experience kirol zentroa prest dago Euskadi osoko eskalada zale sutsuei harrerea egiteko. Maiatzaren 11n, 2024ko Euskadiko Zailtasuneko Eskalada Txapelketea eta Lehen Open Biwak txapelketea izango dira.

Aurten be Derioko Biwak Climbing izango da Zailtasuneko Eskaladako Euskadiko Txapelketearen agertokia: 90 parte-hartzaile baino gehiago eta ia 300 eskalada zale batu ziran Derioko rokodromoan, EMF-ko arduradunen eretxiz, mugarri garrantzitsua izan zan ekitaldian, pandemiak bertan behera itxitako eskalada txapelketa ofizialak berreskuratzeko helburua bete baitzeban. Emoitza lehiakorrei jagokenez, ondokoak izan ziran irabazleak: Haizea Osés eta Andoni Esparta maila absolutuan, Garazi Uriarte eta Manex Iñurrategi 18an, Maddi Agirre eta Gari Markuerkiaga 16an, eta Araceli Bilbokoa eta Eñaut Uson 14an.

Oraingo honetan, parte-hartzaileak hainbat kategoriatan lehiatuko dira, kategoria berezi bat umeentzat, 14 urtez azpikoetan, 16 urtez azpikoetan, 18 urtez azpikoetan, absolutuetan eta beteranoetan, bai gizonezkoen bai emakumezkoen adarretan. Open Biwak sariaren kategoria absolutuko irabazleentzako sariak 2.000 eurokoak dira, 600 €, 250 €eta 150 € lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatuentzako sariakaz, hurranez hurran.

Izen-emotearen kostua 20 €-koa izango da eta eskalatzaileek aukerea izango dane bide askotan gora egiteko eta beren trebetasunak ingurune lehiakor eta ederrean erakusteko. Gainera, zozketak egingo dira sari fisikoakaz eta erregaluakaz ekitaldian zehar, eta kamiseta esklusiboak emongo jakez parte- hartzaile guztiei.

Txapelketan eskaladearen munduko persona ospetsuek parte hartuko dabe, tartean Felix Obrado eta Eneko Carretero atontzaile bezela, Juan Ramon Pendones, Martin Urrutia eta beste aditu batzuen laguntzinoagaz.
Egunean zehar, txapelketako sailkapenez eta finalez gan, eskaintza gastronomiko berezia, zentroko abiadura ofizialeko hormea probetako aukera, kontzertuak, zozketak eta beste sorpresa batzuk izango dira, eta final handia.

2024 Olinpiadetako diziplinak rokodromoan

Biwak Experiencek euskal atleten presentzia sustatzen dau nazinoarteko mailako lehiaketetan, baita 2024ko Parisko Olinpiadatan be. Joko Olinpikoetan eskaladako hiru diziplina sartuta, zentroak modalidade horreetan praktiketako eta hobetzeko espazio bat eskaintzeaz gan, euskal eskalatzaile talentudunen garapena eta parte-hartzea sustatzen eta babesten dau mundu mailako ekitaldi ospetsuetan.

Ez galdu aukerea ekitaldi zoragarri honetan parte izateko eta horman dozun trebezia erakusteko! Informazio gehiago eta izena emon hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu