Podcastingaren mundua IV. EuskalPoderako prest

Bizkaie! 2024-04-11 08:02   Kulturea

Hitzordua datorren apirilaren 13an izango da Bilboko Konekta-La Perrera aretoan.

Eguneko momentu nabarmenetako bat Tracking Bilbao Podcast Lehiaketearen hirugarren edizinoaren aurkezpena izango da. Lehiaketea Caóstica Alkarteak atontzen dau Tracking Industry ekimenaren barruan. Arratsaldeko 16:50etik aurrera, lehiaketearen aurkezpenari hasierea emongo jako eta, ondoren, aurreko edizinoko euskera kategoriako irabazleen zuzeneko programea, Maketo Irratia hasiko da. 2021ean sortutako euskerazko podcast honek euskal pop kulturea eta alkarrizketak nahasten ditu.

Jardunaldiak hainbat gairi buruzko alkarrizketa eta eztabaida ederrak izango ditu: eguna hasteko, 11:00etatik aurrera, Charlas con Aita izango da eta bertan, Roberto Ruisanchezek eta bere seme Ibaik umorez eta konplizidadez beteriko barriketaldia eskainiko deuskue, pelikula, olgeta eta askoz gehiagori buruz. Aitari gustetan jakozan marrazki bizidunak Ibairi gustetan jakozanakaz alderatuko ditue eta gazteen hiztegia aztertuko dabe.

Saioak 12:00etan jarraituko dau 4Players Podcast izenekoagaz, bideojokoen munduko albiste garrantzitsuenak umorez eta sakontasunez aztertzen dituan tarte dinamiko eta dibertigarriagaz: analisiak, sekzinoak eta, batez be, umore handia eskainiko deutsee bideojokoen zaleei.

13:00ean, Zigor Vallejok eta Oihan Iturbidek A Micro Descubierto + Yonki eskainiko dabe eta hor Unai Garmagaz berba egingo dabe olgeteagaz daben menpekotasuna eta bizitza osasuntsua izateko zelan gainditu azaltzeko. Gaur egungo gizartean sano garrantzitsua dan gai honetan sakontzea da asmoa.

Arratsaldean, 16:00etan, Iker Casaresek Cambiando de Tema saioagaz harrituko gaitu, Rubén Fernández Aguirre pianisteagaz alkarrizketa liluragarria izango dauen programea. Musikearen munduari buruzko istorio eta hausnarketetan sartuko gara.

Arratsaldeko 18:00etan, Tracking Bilbao eta Maketo Irratiaren aurkezpenaren ondoren, Libertad Daganzok eta Ainara Goitiandiak umorez eta kultur dibulgazinoz betetako akelarre feministara gonbidauko gaitue Sorginkeria Irratian saioagaz. Feminismoa, kultur dibulgazinoa eta umorea emakumeen askatasunerako arma garrantzitsu legez aztertuko ditugu.

Azkenik, 19:00retan, Andrea Fernández eta Gonzalo Curiosum Tremens saioan izango dira barriro. Euren lehen zuzenekoaren ondoren, oraingo honetan entzuleakaz topo egiten
dabe euren galdera eta erantzunakaz.

Babesleak eta laguntzaileak

Ekitaldi hau ez litzateke posible izango gure babesleen eta laguntzaileen alkarlanik barik eta, esangura horretan, aurten bereziki nabarmendu nahi dogu Bilbao Gazte, Bilboko Udaleko Gazteria Arloaren babesa, lehen aldiz babesten baititu jardunaldiak. EuskoNet, Caóstica, Mumbler, FiveCast, Tracking Industry eta Mediaattack be babesleak dira. EuskalPoden kolaboratzaileak, barriz, Alzola, Cafés Fortaleza, Haribo, Lacturale, Fnac Bilbao eta Tesura dira.

Bat egin geugaz EuskalPod 24an eta parte hartu Euskadiko podcasting komunidadean!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu