'Maeght Unibertsoa' erakusketea bisitetako azken egunak

Bizkaie! 2024-04-10 09:51   Kulturea

Lehen erakusketa kolektibo hau Eduardo Chillidaren jaiotzearen mendeurreneko programazinoaren parte da.

Datorren apirilaren 14a izango da Chillida-Lekun 'Maeght unibertsoa' erakusketea ikusteko azken eguna. Erakusketa honek Chillidaren lanen arteko eta Aimé Maeght arte-merkatari historikoagaz bere emazte Marguerit-egaz lan egin eben artista batzuen arteko buztarketea dakar. Eskultorearen museoak hainbat artistaren obra nabarmenak izan ditu, besteak beste, Georges Braque, Alexander Calder, Alberto Giacometti, Pablo Palazuelo, Julio González, Jean Arp, Barbara Hepworth, Antoni Tàpies, Joan Miró edota Marc Chagallenak.

Nire familia pozez zoratzen dago, bere jaiotzaren mendeurrena dala eta, Eduardo [Chillida] bere familiagaz Frantziako Saint-Paul de Vence-ra etorri zanean beragaz lan egin ahal izan eban artisten lanakaz inguratzeagaitik. Nire aitita-amonen zein nire gurasoen eta artista handi horren eta bere emazte Piliren arteko adiskidetasunak irauten dau nire belaunaldian. Nire familiaren parte dira. Zenbat uda pasau genduzan alkarregaz, Eduardok eta nire aita Adrienek Chillidaren grabatuetan eta buztin txamotan lan egiten ebenean!
 adierazo dau Isabelle Maeght-ek Maeght Fundazinoko administratzaileak.

Mireia Massagué, Chillida Lekuko zuzendariarentzat, erakusketa hau etapa handia izan da: Calder, Braque edo Giacometti lako artisten lanak Hernanin izatea aurrerapauso handia izan da museoaren erakusketa-ibilbidean. Hilebeteotan Maeght Fundazinoaren giroa bizi izan dogu eta modu zehatzagoan ulertu ahal izan dogu sormen espazio harek zelan lagundu eban gaur egun ezagutzen dogun Chillida sortzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu